Belabietako gimnasta gazteak bosgarren, Euskadiko Txapelketan

Belabietako oinarrizko jubenil taldeko gimnastak Euskadiko Txapelketan. Argazkia: BELABIETA KIROL KLUBA.

Oinarrizko jubenil taldea dominaren bat lortzetik gertu geratu zen Leioan jokatutako lehiaketan; aurrez, hirugarren izan zen Gipuzkoako Txapelketan.

Gimnastikako Belabieta Kirol Klubeko oinarrizko jubenil taldeak beste emaitza on bat lortu du urrian. Aurrez, brontzezko domina lortu zuen Gipuzkoako Txapelketan. Bada, joan den larunbatean, Leioako Sakoneta kiroldegian jokatutako Euskadiko Txapelketan parte hartu zuen, eta bosgarren postuan sailkatu zen. Ibarrako klubeko taldeak gertu izan zituen podiumeko postuak, eta, ondorioz, dominak.

Hurrengo egunean, berriz, kontrola pasa zuten Marga Chazarra nazioarteko epailearekin. Klubeko entrenatzaileak «oso pozik» daude Chazarraren eskutik jasotako informazioarengatik. «Hilabete barru Espainiako Txapelketan parte hartuko du taldeak, eta prestatutako ariketa oso emaitza onak ematen ari da», adierazi dute prestatzaileek.

Gimnasta berriak

Belabietak alebin mailako taldea osatu nahi du, eta deialdia zabaldu die gimnastika probatzeko nahia duten 2015ean eta 2016an jaiotako haurrei. «Esperientzia ez da beharrezkoa, nahikoa da gogoa izatea», adierazi dute.

Bestetik, aipatu, Ibarrako klubak 2026-2027 denboraldirako inskripzioa zabaldu duela. Nahi duenak, gimnastika eta balleta egiteko aukera dauka. Klubarekin harremanetan jartzeko, 621 022 105 telefonora deitu edo belabietagimnasia@gmail.com helbidera mezua bidali behar da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!