ELKARRIZKETA

«Leku guztietan harrera ona egin digute, baina bidea zaila izan da»

Leyre Carrasco

Euskal Herriko folk talde erreferenteetako bat da Deiedra rebel folk taldea. Nortasun handiko zuzeneko indartsua egiten dute, eta larunbatean Ibarrako Azkue auzoan izango dira, 19:00etan.

Hibai Aiestaran –gitarra eta ahotsa–, Sergio Navarro –Tin whistle eta ahotsa– eta Pablo Quintanak –perkusioa eta ahotsa– osatzen dute Deiedra rebel folk taldea. 2009an osatu zuten taldea eta geroztik kontzertu ugari eman dituzte. Larunbatean, lehenengo aldia izango da taldeak Ibarran jotzen duena. Hain justu, Azku Egunaren bueltan egingo dute emanaldia. Aiestaranek sekulako festa egongo dela ziurtatu du, eta herritarrak bertaratzera animatu ditu.

Lehen aldia da Ibarran joko duzuena?

Tolosa eta inguruko zenbait herritan izan gara, baina Ibarran lehen aldia izango dugu. 2009an sortu genuen taldea eta geroztik kontzertu ugari eman ditugu, 300 kontzertu inguru alegia. Normalean, Euskal Herri guztian zehar ibili gara, baina batzuetan kanpora irtetea ere tokatu zaigu, Errioxan edota Kantabria aldean ere eman ditugu kontzertuak. Horiek gutxi izan dira ordea. Hala ere, edozein emanaldirekin beti pozik eta gogotsu egoten gara, eta honetarako ere halaxe gaude. 

Estilo berezia duzue. Nola definituko zenukete?

Folk irlandarra eta eskoziarra old-time amerikar musikaren sustraiekin uztartzen dugu eta kutsu kaletarra ematen diogu punkarekin. Musika tradizionala egiten dugula esaten dugu, hain zuzen, Rebel Folk deitzen diogu gure estiloari.

Euskal Herrian ez da oso ezaguna. Non ezagutu zenuten?

2007an The Dubliners bezalako taldeak entzuten hasi nintzen. Orduz geroztik, horien estiloa zuen antzeko musika talde bat sortu nahi izan nuen, baina euskaraz, gure herriaren ezaugarriak sartuz eta hango kultura hona ekarriz. Hori guztia nahastuta sortu zen Deiedra rebel folk taldea.

2009an osatu zenuten taldea. Nolakoa izan da bidea?

Bidea ez da erraza izan. Talde ezezagunentzat normalean zaila izaten da aurrera jarraitzea baliabide faltarengatik. Gu beti gogo handiz ibili gara eta leku guztietan harrera ona egin digute, baina aitortu behar dugu bidea zaila izan dela. Gure kantu batean esaten dugun bezala, gure bidea arantzaz beteta egon da.

Hala ere, lau disko kaleratzeko gai izan zarete.

Bai, eta bosgarrena –Tronurik Gabeko Erregeak izenekoa– bidean da. Azken lan horretan aldarrikatzen da gure estiloan erregeak garela. Heavy taldearen parodia egiten dugu; estilo honetan bakarrak garela azpimarratu, eta gure tronua aldarrikatzen dugu. Disko honetan desberdina izango da dena, norbegiar eta euskal mitologiak nahastuko ditugulako, eta oso berezia izango da. Durangoko Azokarako prest izango dela espero dugu.

Eta hala da? Bakarrak zarete?

Bai, folk bezala bai, baina gero talde berriak daude, lagunak direnak gainera. Hasi ginenean musika estilo hau egiten zuen talde bakarra ginen, baina orain gure antzeko estiloa duten taldeak sortu dira, adibidez, Bizardunak.

Ibarran azken diskoaren aurrerapenik entzun ahal izango dugu?

Bai, gure abesti zaharrak joko ditugu gehienbat, lehen lau diskotakoak, baina disko berria ere ia osorik joko dugu eta jendea animatzea espero dugu. Giro polita sortzen da eta jendeak oso ondo pasatzen du.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!