Emeterio Arrese kirol gunean egin dute gaur, lehen aldiz, Kirolaren Eguna. Herriko kirol eskaintza ezagutarazteko asmoz antolatu dute, eta, horrela, herritarrak jarduera fisikoa egitera animatu nahi izan dituzte.
Arratsaldeko lehen orduan, Bidetxur mendi elkarteak antolatuta, orientazio proba egin dute. Ondoren, 17:30etik aurrera, hainbat kirol-postu egon dira aldi berean kirol gunean. Herriko kirol elkarteek beren jardueren inguruko informazioa emateko mahaiak jarri dituzte, eta, besteak beste, hainbat kirol praktikatzeko aukera izan dute herritarrek: bola, toka, gimnasia erritmikoa, herri kirolak, areto futbola eta abar.
Eguna amaitzeko, jarduera guztietan parte hartu eta izena eman dutenen artean zozketak egin dituzte.
Ekitaldia amaitu aurretik, ordea, herriko kirolariak omendu eta kirol elkarteen lana aitortu nahi izan dute. Nekane Lazkano zinegotziak txapela bana jarri die aurtengo omenduei. Hauek izan dira aitortza jaso dutenak:
-
Naia Amondarain Gaztañaga
Txirrindularia. Lesioaren aurka borrokatu ondoren, berriro bizikletaz gozatu eta dena eman duelako eman diote saria, inoiz amore eman ez izanaren saria, alegia. «Erori, altxatu, eta pedalei eragiten jarraitu».
Naiak ezin izan du gaur Ibarran egon eta bere ahizpak, Maddik, jaso du txapela bere izenean.
-
Ibarrako emakumeen sokatira taldea
Aurten Taiwanen egin duten sokatira mundialean parte hartu dute Ibarrako taldeko neskek bi kategorietan: Ibarra izenarekin 500 kiloko eta 540 kiloko kategorietan, eta hirugarren postua eskuratu zuten. Ondorengo egunetan Euskal Selekzioaren izenean aritu ziren Ibarrako tiralariak, eta haiekin, bigarren postua eskuratu zuten 500 kiloko eta 540 kiloko kategorietan.
Ekialde Hurbileko gerra dela eta, hainbat hegaldi bertan behera geratu eta ezin izan zuten Taiwanera tiralari guztiek bidaiatu. Erabaki gogorra hartu behar izan zuen Ibarrako Herri Kirolak eta Sokatira taldeak: emakumeek bakarrik lehiatzea.
Hautu horri aitortza egin nahi izan diote Ibarrako I. Kirolaren Egunean.
-
Lauburu K.E.
Aurten 2B mailan ligako txapeldun geratu da Ibarrako taldea areto futbolean. Herritarrekin batera txapeldunen titulua ospatu zuten futbolariek. Tamalez, igoera borrokatzeko play-off-etan ez zuen zorterik izan Ibarrako taldeak.
Dena den, lortutako garaipenagatik omenaldia jaso du gaur Lauburu K.E.k bere herrian.
-
Migel Urkizar
1956tik 1962ra ziklo krosean profesional izan zen Migel Urkizar ere omendu nahi izan dute Kirolaren Egunean. Bere ibilbidean, itzuli handietan, errepideko txirrindularitzako munduko txapelketan, eta ziklo kroseko munduko txapelketan parte hartu zuen. Bost aldiz sailkatu zen Espainiako ziklo kros txapelketako lehen hamar postuen artean, eta bigarren egin zuen, esate baterako, 1960an.
Gaur ezin izan du Emeterio Arrese kirol gunean egon, baino udalak harentzako prestatu duen txapela helaraziko dio datozen egunetan.