Ibarrako San Bartolome festak amaitu ostean, udaleko garbiketa zerbitzuek espazio publikoen garbiketarekin hasi dira; bereziki, Zelai errekaren egoera naturala berreskuratzeko lan egin dute. Garbiketa lan horietan, denetariko zaborra aurkitu da ingurune naturaleko hainbat puntutan sakabanatuta: 8 hesi, zaborrontzi bat, 2 trafiko seinale, 113 edalontzi eta bestelako zabor ugari.
Ibarrako Udalak egoeraren berri eman die herritarrei, eta argi adierazi du horrek guztiak «udal-zerbitzuen ahalegin gehigarria eta kostua» dakarrela aurrekontu publikoetan, «hondakin horiek naturgune batean sortzen duten inpaktuaz gain, herritar guztiei eragiten diena. Erreka ez da kontainer bat, herria ere ez».

