Ibarrak Kirolaren Eguna ospatuko du irailaren 12an

Kirol jarduera ezberdinak, erakustaldiak eta herriko kirolarien omenaldia izango dira Emeterio Arrese Kirol Gunean.

Ibarrak Kirolaren Egunaren lehen edizioa ospatuko du larunbatean, Emeterio Arrese Kirol Gunean. Jardunaldiaren helburua herriko kirol eskaintza ezagutaraztea eta herritarrak jarduera fisikoa egitera animatzea izango da.

Egitaraua 15:45ean hasiko da, 16:00ak bitartean egingo den izen-ematearekin. Ondoren, 16:00etatik 17:15era, orientazio froga izango da Bidetxur mendi elkartearen eskutik. LH4tik beherako haurrek heldu batekin parte hartu beharko dute.

17:30etik 19:00etara, berriz, hainbat aldibereko kirol-postu izango dira. Bertan, herriko hainbat kirol elkartek beren jarduerak ezagutaraziko dituzte. Herri kirolak Ibarra Herri Kirola eta Sokatira Taldearen eskutik, Bolo eta Toka Ibarra Kirol Elkartea-Deportivaren eskutik, eta gimnasia erritmikoa Belabieta Kirol Klubaren eskutik ezagutu ahal izango dira. Horrez gain, areto futbola Lauburu K.E. eskutik izango da. Kiroldegiko kirol-ikastaroek ere lekua izango dute jardunaldian, 16 urtetik gorakoentzat.

Jarduera guztietan parte hartzen dutenen artean zozketak egingo dira. Kirolaren Eguneko egitarauari amaiera emateko, 19:00etan, urteko kirolariei omenaldia egingo zaie. Horrela, Ibarrak herriko kirolarien eta kirol elkarteen lana aitortu eta eskertzeko tartea izango du. 

 
 

 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!