ELKARRIZKETA

«Dantza oso abstraktua eta anbiguoa da»

Aitor Arroyo Askarai

Aimar Odriozola Pellejero dantzaria. A.A.A.

Hainbat proiektutan hartzen du parte Aimar Odriozola dantzariak; aurten estreinatu du ibilbideko lehen pieza propioa.

Gurasoek bideratuta hasi zen dantzan Aimar Odriozola Pellejero (Ibarra, 2000) dantzaria. Alurr dantza taldean egin zituen lehen pausoak, eta 18 urte zituela joan zen Madrilera dantza garaikidea ikastera. Hiru urtez han aritu ondoren, Iruñeko La Faktoria Zentro Koreografikora jo eta beste bi egin zituen bertan. Gaur egun dantzaria da Euskal Herriko hainbat konpainiatan, irakasle ere aritzen da, eta ekainean estreinatu zuen ibilbideko lehen ikuskizun propioa: Hau zulo hontan. Dantzan hasi zen lokaletik gertu azaldu ditu ibilbidearen nondik norakoak, pieza berriaren xehetasunak eta dantzaren inguruko hausnarketak.

Nola hasi zinen dantzan?

Egia esan ez dut lehen urteetako oroitzapen oso garbirik. Bi arreba helduago ditut eta gurasoek biak bideratu zituzten musikara eta dantzara; beraz, baita ni ere. Alurren hasi nintzen euskal dantzak ikasten: astean behin joaten ginen. Horrekin batera eskolaz kanpoko jarduera pila egiten genituen, eta txikitatik nabaritzen nuen gusturago joaten nintzela dantzara, beste leku askotara baino.

Alurren 16 edo 17 urte arte egon nintzen; sekulako zortea da Ibarran halako talde potente bat izatea. Han ikasten genituen sueltoko dantzak, txapelketetarako dantzak, koreografiak... Eta, gainera, aukera genuen herrian bertan dantzatzeko. Kide helduagoek emanaldi elaboratuagok egiten zituzten, eta, hein batean, horrek kateatu ninduen: argiztapena izaten zuten, dramaturgia landuagoa... Sekulakoa zen niretzat. Urte luzez aritu nintzen bertan lagunekin, eta nik uste hor hartu niola gustua dantzatzeari.

Gogoan duzu dantzan jarraitzea erabaki zenuen momentua? Egon al zen inflexio punturik?

Hasieran, neuregandik baino gehiago etortzen zen kanpotik: mutila nintzenez eta erraztasuna nuenez, kristoren feedback positiboa jasotzen nuen. Seguru nago askotan neska bati ez zaiola hainbesteko gorazarrerik egiten. Txapelketetan ere aritu nintzen, eta kanpotik ematen zuen, ez dakit, dantza egiteko edo jaiotakoa nintzela [erdi barrez].

Batxilerrean argi nuen beste gauza asko ez nituela egin nahi, eta dantzan jarraitzearen ideia ere buruan nuen. Beste aukerak baztertu nituen, eta gogoa nuen asko dantzatzeko eta garaikide aldetik gauza asko probatzeko, baina ez zen egon momentu zehatz bat.

Zenbait txapelketa irabazi zenituen. Zer esan nahi dute zuretzat?

Hamar urte edo izango genituen klase zehatzak jasotzen hasi ginenean txapelketetako dantzak lantzeko. Nolabait inertziaz gonbidatu gintuzten, eta gu animatu, noski. 15 urte edo izan arte aritu nintzen, baina azkenerako ez zidan grazia handirik egiten giro hark.

Oso hotza zen. Besteak ezagutzen dituzu baina ez dira lagunak, azkenean, bata bestearen aurka ari zaretelako. Bi dantza egiten dituzu eta batzuetan irabazi egiten duzu, beste batzuetan ez, ez dakizu oso ondo zergatik ere... Oroitzapen polita dut, ondo pasatzen nuelako eta lagunekin joaten nintzelako, baina ez da errepikatuko nukeen zerbait. 15 urte nituela egiteko asmoa nuen azken txapelketa irabazi egin nuen, eta kito [barrez].

Amorru pixka bat ematen du: jendearen buruan geratzen da 12 urterekin ez dakit zein txapelketa irabazi nuela. Ematen du hori izan zela nire ibilbideko punturik gorena, eta ez dakit ba. Orain 26 urte ditut, dantzaria naiz, askoz hobeto dantzatzen dut eta proiektu sendoagoak egiten ditut; baina ematen du jendeari ez zaiola axola. Tarteka txapelketaren bat egin beharko dut telebistan ateratzeko [barrez].

Zein ikasketa egin dituzu?

Madrilera joan nintzen 18 urterekin, Mariemma Dantzako Errege Kontserbatorio Profesionalera. Erreferentzia pare bat nituen: Amaia Elizaran handik pasatu zen, Alegiako Julen Rodriguez dantzaria ere han zebilen momentu hartan... Eta Katixa Perea Tolosako dantza eskola eramaten duenaren aholkuei jarraituz sarrera proba egitera joan nintzen, eta hartu egin ninduten.

Etxean nola hartu zuten erabakia?

Nire gurasoak horretan zoragarriak izan dira. Batetik, dantzan aspalditik nenbilenez, eta ondo aritzen nintzenez... Nik uste aukera aurreikusi zutela. Egia da beldurra adierazten zidatela —ezjakintasunetik, noski—. Gurasoek taberna bat dute, arrebek ez dute ezer artistikoa ikasi... Eta hirugarrena iritsi zen esanez dantza ikasi eta Madrilera joan nahi zuela [barrez]. Katixa hor egoteak lagundu zuen horretan; eta baita Amaia Elizaranek ere. Erreferentzia batzuk izatea, azkenean, ikusteko posible dela, jendea bizi dela horretatik. Nahiz eta neronek oso garbi ez eduki, zalantzarik gabe adierazi nienez, ez zidaten traba handirik jarri.

Egia da kezkatuta zeudela, eta askotan proposatzen zidatela badaezpadako beste planen bat izatea. Eta zeure buruari ere egiten dizkiozu galdera horiek. Madrilen bazegoen jendea goizetan unibertsitatera joaten zena, eta arratsaldean kontserbatoriora; badaezpadako plan hori izateko.

Eta zehazki zer ikasi zenuen han?

Dantza garaikidea. Izatez, dantza klasikoa, espainiarra eta garaikidea eskaintzen dituzte. Kasu honetan, gehienbat, praktikoa da, eta dantza garaikidearen barruko teknika ezberdinak landu nituen, besteak beste. Ikasgai teoriko batzuk ere lantzen dira, batik bat, anatomia, musika eta dantzaren historia. Sei urteko formakuntza bat da, eta bigarren mailan hasi nintzen, zuten egituragatik-eta aukera nuelako zuzenean bigarren urtean hasteko.

Eta hiru urte aguantatu nituen; laugarren mailan nazkatu egin nintzen. Gradu profesionala da, eta ez duzu unibertsitate mailako titulu bat ere lortzen. Nekatu egin nintzen, eta gogoa nuen beste gauza batzuk probatzeko. Kontserbatorioa da: oso irakasle gutxi, eta ordu asko. Aukera ematen dizu gauza konkretu batzuetan sakontzeko, eta hori oso onuragarria da. Nik uste 18 urterekin behar nuela halako zerbait; nahiz eta nik gogoa izan dantza egiteko eta kito. Eta gaur egun hari esker ditut zenbait erreminta klaseak ematen ditudanean jakiteko zer erakutsi, nola banatu eta antolatu gauzak...

Hirugarren urtean hasi nintzen beste klase batzuk probatzen, eta momentu hartan nahiago nituen irakasle asko, informazio ezberdin pila bat… Eta 20-21 urterekin erabaki nuen nahikoa nekiela [barrez].

Nora jo zenuen ondoren?

Ez dut egin karrera bat, adibidez, Dantzerti bezalakoa: lau urtez ikasi eta titulu batekin ateratzen zara. Anbiguoa da noiz bukatzen duzun, noiz hasten zaren, ordena ere zein den... Lagun bat nuen Iruñeko La Faktoria Zentro Koreografikoan, gustura zebilen, eta 2021ean hara joatea erabaki nuen; bi urtez egon nintzen han.

 

«Anbiguoa da [dantza ikasteaz] noiz bukatzen duzun, noiz hasten zaren, ordena ere zein den...»

Ezberdina zen oso. Irakasleak nazioartekoagoak ziren, eta bi asterako etortzen ziren. Bi astez gauza bat asko lantzen genuen, eta gero beste gauza batera. Horrela uneoro. Han ere pila bat ikasi nuen. Sentsazioa zen Erasmus programan nengoela, nahiz eta Iruñean izan eta niretzat gertu egon, jendea kanpotik etortzen zen, eta elkar zitezkeen errusiar bat italiar batekin, estatubatuarrekin…

Eta, aipatu duzunagatik, Madrilekoaren aldean formatu ezberdina zen.

Bai, eta estiloa ere oso ezberdina zen. Dantza garaikidea hain eremu zabala denez, irakasle bakoitzak bere istorioa dauka [barrez]. Gero badira teknika konkretu batzuk ere, eta horiek diren bezala ikasten dituzu: pausoz pauso. Kontserbatorioan hori oso egituratuta zegoen, eta Faktorian gehiago da koreografo bakoitza bere sorkuntza estiloarekin eta bere dantzatzeko moduarekin… Bakoitzak berea kontatzen dizu, eta joan egiten da; eta zuk interesatzen zaizuna hartzen duzu.

Hori ere ikasi egiten da. Hasieran uste nuen den-dena ulertu behar nuela, dena ikasi, dena nireganatu... Eta gero konturatu nintzen ezetz. Gauza bat behar baduzu, eta irakasle batek hori baldin badauka, horixe zureganatzen saiatzen zara. Momentuaren arabera ere bada. Gaur egun askoz hobeto jasoko nituzke gauza batzuk; baina, pentsa, 20 urte, ez dakit zenbat irakasle, informazio ikaragarri pila… Azkenean ‘bete’ egiten zara. Gogoa nuen nire gauzak egiten hasteko; proiektu zehatz batean dantzatzeko. Han, azkenean, beste baten bidea jarraitzen duzu etengabe, eta gogoa nuen nire eremura joateko.

Beraz, euskal dantzan egin zenituen lehen urratsak, eta gerora garaikidean murgildu zara?

Balleta egiten ere aritu nintzen zenbait urtez, 12 urte edo nituenean. Dantzatu nahi izanez gero oinarria balleta dela esan zidaten; eta hantxe joan ginen [barrez]. Alurren ere egiten genuen garaikide moduko zertxobait, baina ez genekien oso ondo zer zen. Gero hasi nintzen Amaia Elizarenekin klaseak hartzen, emanaldi batzuk ikusten... Eta interesa nuenez, apuntatzen nintzen inguruan zeuden aukera ezberdinetara. Niretzat garaikidea da nolabait eremu zabalena, bere barruan diziplina eta dantzatzeko modu pila bat dituelako; eta jakin-minik handiena horrek sortzen zidan. Euskal dantzak eta balleta, nahiz eta oso aberatsak izan, oso karratuak dira. Pauso zehatz batzuk daude, entrenamendu batzuk... Hori bada zure pasioa, primeran; baina ez bada... Euskal dantza tarteka egiteko gustatzen zait, eta balleta entrenamendu bezala tarteka egiteko ere ondo, baina ez nintzateke horretara egongo egun osoa, ezta inondik ere. Gero, oso patroi tradizionalak jarraitzen dituzte: mutila hemen eta neska hemen... Adin batetik aurrera erabaki nuen nahiago nuela lasaiago aritu [barrez]. Dena dela, gaur egun euskal dantza mantentzen dut: klaseak ematen ditut eta dantzari bezala ere tokatzen zait tarteka. Eta, egia esan, gustura egiten dut.

Nola uztartzen dituzu diziplina ezberdinak?

Euskal dantza eta garaikidea uztartzearena... Gai bat da bere horretan [barrez]. Euskal dantzak gaitasun pila bat ematen dizkizu, adibidez, musikarekin duen harremana —euskal dantzan dena doa musikaren erritmoan— eta baita hanketako bizitasuna ere —saltoak egiteko gaitasuna—; garaikideko jende asko liluratuta geratzen da euskal dantzako jendea zein salto-eta egiteko gai den ikusten duenean. Egia da euskal dantza nahiko zurruna dela, gehienbat, gerritik gora. Garaikidean tokatzen zaizunean askatzea eta ulertzea zure besoek ez dutela beti leku berean egon behar, eta egin ditzakezula beste gauza batzuk...

«Ez naiz aritu euskal dantza eta garaikidea uztartzen [...] Oraingoz nahikoa dut garaikidea egitearekin»

Gero, sorkuntza aldetik-eta, ez naiz sartu eremu horretan. Ez naiz aritu zuzendari bezala euskal dantza eta garaikidea uztartzen; baina oso tipikoa da. Izatez, euskal konpainiek nahiz eta garaikidea egin, hortik jotzen dute orokorrean. Niri oso eremu zaila iruditzen zait. Noski, har dezakezu euskal dantza oinarri bezala garaikideagoa den zerbaitetara gerturatzeko; baina, ez dakit, ematen du Euskal Herrian hori bakarrik egin daitekeela. Eta kanpora joaten zarenean ere —euskalduna bazara— jendeak espero duena hori da: egingo duzula tradizionala, garaikide ukitu batzuekin.

Ni orain hasi naiz emanaldi batzuk-eta sortzen, eta oraingoz ez dut eremu hori landu nahi. Ez dakit ondo nola uztartuko nituzkeen edo zein izango litzatekeen nire ekarpena. Oraingoz nahikoa dut garaikidea egitearekin.

Nolakoa da dantzari gazte baten egunerokoa?

Hilabetearen, astearen eta egunaren araberakoa izaten da. Ez daukagu egitura egonkor bat, agenda aldetik. Egia da ni ez nagoela konpainia batean egonkortuta; proiektu batetik bestera bueltaka ibiltzen naiz. Badago jendea ordutegi zehatz bat duena, astero egitura berarekin, eta askoz egonkorrago. Hori ere existitzen da, baina niri ez zait tokatu.

Nire kasuan, gerta daiteke entsegurik ez izatea, eta orduan klase bat edo bi izango nituzke; jakina horiek ere prestatu egin behar dira. Eta, bestela, entsegu baterako prestatzea, bileraren bat, kudeaketa lanak... Toka daiteke, baita ere, sorkuntza egonaldiren bat izatea —hiru astekoak izaten dira normalean eta, askotan, etxetik kanpo—. Izan daiteke egun huts samar bat, edo lehenengo proiektu batera joatea, gero beste batera, gero klaseak ematea. Nire egitura nahi baduzu, prest egon behar duzu etxetik kanpo egoteko aste batez, bi astez... Eta ez nagoenez lantalde finko batekin, proiektu bat buka daiteke igande arratsaldean, eta beste bat hasi astelehen goizean. Bastante prekarioa denez guztiari baietz esaten diozu, beharra dagoelako. Eta gero damutu ez, baina...

Badu bere xarma ere, noski, eta horregatik nago hemen. Baina egia esan uste nuen sinpleagoa izango zela dena. Beste kontu bat da bakarrik zaudela: zuk antolatzen duzu agenda; emanaldien banaketa ere zuk egiten duzu; diru laguntzak eskatu; emanaldietarako probak egin... Jakina, ez dagoenez ziurtasunik, beti egon behar duzu adi proba horietara. Gaztainak sutik ateratzea da, denbora guztian. Baina zerbaitegatik nago hemen ere.

Orain zein proiektu dituzu esku artean?

Alde batetik, dantzaria naiz Bilaka kolektiboan, izan nuen lehen lana da eta oraindik mantentzen dut. Duela urte eta erdi edo estreinatu genuen Bezperan emanaldia, eta horrekin gabiltza biran.

Beste alde batetik, Iruñean bi proiektutan hartzen dut parte: bata da Dinamo danza izeneko konpainia bat. Apirilean estreinatu genuen emanaldia eta horrekin gabiltza; udazkenean izango ditugu emanaldi gehiago. Eta bestea da In perspective proiektua —oraintxe bertan nahiko geldirik dagoela—. Hori ere dantza garaikidea da, eta interakzioa arkitekturarekin-eta egiten du, site specific formatuan.

Horrez gain, Donostiako Cielo raso konpainiarekin ere Euforia emanaldiarekin gabiltza, eta udazkenean izango ditugu emanaldi batzuk. Eta Unaiuna izena duen konpainia batekin ere aritu naiz, Mallorca eta Bartzelona artean dagoen proiektu bat da. Eta nobedade bezala, nire sorkuntza propioekin hasi naiz; oso gauza berria da.

Dantzari lanez gain, irakasle bezala orain dela bi urte hasi nintzen Gipuzkoako herri txiki batzuetan euskal dantza ematen, eta Hernaniko Nuta espazioan ere klaseak ematen ditut urtean zehar. Proiektuak tarteka ateratzen dira. Nahiko irregularra da egia esan: izan ditzakezu martxoa eta apirila gainezka, eta gero abendura arte ez izan ezer. Dena dela, lan aldetik ezin naiz kexatu: formakuntza bukatu nuenetik beti izan dut helduleku bat edo beste.

Zerk erakartzen zaitu gehien?

Klaseak ematea 'berri xamarra' da niretzat. Gustura egiten dut, baina asko eragiten dute zenbait ezaugarrik, adibidez, batzuetan nahi duzuna erakusten duzu, eta beste batzuetan zehaztuta dago irakatsi behar duzuna. Zoragarria da, adibidez, klaseak ondo joaten direnean eta ikusten duzunean jendea gustura dagoela. Oso pozgarria da ikustea norbaiti erakutsi diozula ikasi nahi zuen zerbait: jendeak dantza ikasi nahi zuen eta erakutsi diet. Emaitza zehatzagoa edo zuzenagoa da nolabait.

Ikuskizunetan ez dakizu jendeari gustatu zaion edo ez. Dantzari bezala eszenatokian dantzatzea oso polita da, orokorrean; nahiz eta oso nekagarria izan. Baina jakina, beste askotan zaude entseguetan, sorkuntza prozesu batean... Hori ja beste kontu bat da; eta, izatez, hori da egunerokotasuneko lana. Emanaldi bat da puntualagoa. Sortzea, berriz, ikuspuntuaren araberakoa da: zoragarria izan daiteke edo amesgaizto bat. Asko eragiten dute gaiek, ikuspuntuak, koreografoak, zuzendariak... Oraingoz gehien bete nauena sortzaile bezala egindako lana izan da; baina esango nuke bakoitzak duela bere xarma.

Aldea egongo da zure piezak sortzetik besteenak interpretatzera, ezta?

Kontua da interprete izatearena pixka bat anbiguoa dela. Batzuetan zerbait zehatza egiteko esaten dizute, eta egin egiten duzu; eta hori da, berez, interpretearen rola. Beste batzuetan, ordea, eskatzen dizute inprobisatzeko, eta pixkanaka ematen diozu forma emanaldiari. Beste batzuetan zuzendariak ideia bat du, eta dantzari bezala arduratzen zara ideia hori garatzeaz.

Asko aldatzen da pertsona bakoitzaren arabera. Kontrara, zuzendari zarenean zuri dagokizu zehaztea zer egin nahi duzun, nola... Ez dauka zerikusirik. Eta ondo dago bi gauzak egitea, ikusteko, baita ere, bi gauzek dutela bere kontua. Lehen esan bezala, ni asko bete nau zuzendari izateak, zure ideiak forma nola hartzen duen ikusten duzulako, eta hori oso gogobetegarria da. Dena dela, behin bakarrik egin dut, eta ez dut neure burua koreografotzat, momentuz behintzat [barrez].

Sortu duzun lehen lan hori 'site specific' edo emanaldia izango den lekura egokituta ondu duzu. Zer esan nahi du?

Ez dakit zehazki zein den definizioa, eta diziplina bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Laida Aldaz koreografoak irakatsi zidan dantzatzen dugula beti estudio edo antzoki batean —nolabait espazio plano batean—, eta berak proposatzen zuen beste leku batzuetara joatea eta gure mugimendu proposamena moldatzea espazio horren informaziora. Moldatze horretan egokitu zaitezke arkitekturaren ezaugarrietara, eta baita objektu batekin sor dezakezun harremanera, adibidez, aulki batekin dantzatzea.

Bat-batean beste ikuspuntu batetik mugitu behar duzu dantzari bezala. Interesa piztu zidan, eta Pasaiako dantza festibalean —harremana dut zuzendariekin eta beste edizioetan aritu izan naiz laguntzan— ikuskizun bat skate parkean egin zutela ikusi nuen. Hortik bururatu zitzaidan zerbait hartu eta bertan kokatu beharrean, zuzenean bertan sortzea, skate parkera moldatuko zen emanaldi bat egitea.

Esan eta egin?

Okurritu bezala ahaztu egin zitzaidan [barrez]. Duela lau urte edo izan zen, eta gainera ez nuen baldintzarik halako ezer egiteko. Gerora, ordea, gogoa piztu zait nire kontura zerbait egiteko, eta mezua bidali nien galdetuz ea posible izango ote zen. Zortea izan dut, oso eskuzabalak dira eta berehala biltzeko eta ideia azaltzeko eskatu zidaten; eta, azkenean, egin egin dugu.

Pasaiako dantza festibalean estreinatu zuten 'Hau zulo hontan' ikuskizuna. MAITANE CAMPOS

Nola deskribatuko zenuke emanaldia?

Argi nuen site specific formatua erabili nahi nuela, eta taldea ere bastante garbi nuen: batetik, Nagore Tamayo, elkarrekin ikasi dugulako Faktorian, eta elkarrekin hasi ginen balleta egiten ere —dantzarekin harreman polita sortu dugu—; bestetik, Mikel Caye aktorea, egun batean bururatu zitzaidan polita izan zitekeela dantza bakarrik egin beharrean, aktore bat ere egotea —oso ondo jakin gabe nola zuzendu beharko nuen, antzerkia ez baitut sekula egin—. Eta, gero, Bilaka kolektiboko Oihan Indart, dantzari izateaz aparte musikaria ere badena eta, oro har, artista. Lantaldea eta asmoa elkartu nituen, eta zortea izan dut ekipoa zoragarria izan delako.

Nola egin duzue lan?

Pasaiako dantza festibalean oso ondo zaindu gaituzte. Sei eguneko egonaldi bat izan genuen eta di-da muntatu genituen eszenak. Literalki zen ideia bat probatzea eta, funtzionatzen bazuen, aurrera egitea; tailer moduko bat izan zen. Publikoarekin entsegu ireki bat izan genuen, eta gero emanaldia. Interesgarria izan zen, askotan antzoki batean erakusten delako ez dakit zenbat hilabete eta gero sortzen den emaitza. Dantza, ordea, oso abstraktua eta anbiguoa da, eta interesgarria da gauzak erakustea freskoago daudenean. Gure helburuetako bat zen jendeak ikustea dantzak ere bere erritmoak eta metodologiak dituela, eta horregatik erakutsi dugu lau kide elkartuta astebetean egindako lana.

«Interesgarria da gauzak erakustea freskoago daudenean»

Bigarren emanaldi bat ere egin dugu proiektuarekin: formatu antzekoan, baina beste espazio batean; eta, beraz, beste ikuskizun bat zen. Iruñeko Jito Alai frontoian izan zen, eta antzeko gauza bakarra zen publikoa alde batetik zein goitik izan genuela begira. Skate parkean dena ziren kurbak, zabalguneak… Eta frontoia erraldoia zen, baina bi pareten arteko lekuan egin genuen dantza.

Ba al duzu erreferentziazko artistarik?

Ez dut artista bakar bat eredutzat. Esate baterako, Amaia Elizaranek dantzarekiko duen ikuspuntua gustatzen zait, topatu duelako interesatzen zaion ideia sorta bat, eta gaitasuna duelako hortik praktika propioa garatzeko eta partekatzeko; eta emanaldiak ere egiten ditu. Miretsi egiten dut zentzu horretan, topatu duelako gustuko duen zerbait, eta gai delako hortik bere egitura sortzeko. Beste bat da Lorena Nogal dantzaria. Berak ere diskurtso propioa du, konpainia batekin dantzatzen du, eta bere sorkuntzak egiten ari da. Bera ere asko interesatzen zait oraintxe.

Konpainiei dagokienez, berriz, ezagunetako bat da Mal Pelo, La Veronal ere oso aberatsa da… Eta asko gustatzen zait musika ere. Inspiraziorako askotan jotzen dut beste diziplina batzuetara, nahiz eta dantzarekin ‘zuzeneko zerikusirik’ ez izan.

Eta nora jotzen duzu inspirazio bila?

Ez naiz gai iturri bat zehazteko. Askotan hitz egiten da inspirazioaz zerbait jainkotiarra izango balitz bezala, etorri eta argitu egiten zaituena. Nik uste askoz sinpleagoa edo arruntagoa dela. Interesatzen zaizun zerbait topatzea da gakoa, eta hortik aurrera emanaldirako zer erabil dezakezun pentsatzea. Nik, adibidez, ideiak apuntatu eta aukera dudanean probatu egiten ditut zentzua duten edo ez ikusteko. Zure lana da zer mantendu eta zer baztertu erabakitzea.

Egia da ez naizela sartu kontzeptu baten inguruan sakontzera, eta narratiboa izango den pieza bat osatzera. Hori beste kontu bat da, gauzek beste oinarri bat izan behar dutelako, beste zentzu bat...

Dantzatzea zaletasuna zen hasieran, eta ogibide duzu gaur egun. Nola aldatu da dantzarekin duzun harremana?

Maitasunaren eta gorrotoaren arteko harreman bat da. Ez da hainbeste nire kasua, baina inguruan-eta sentitzen dut orokorrean jendea hor dagoela. Arrazoietako bat oso fisikoa izatea dela esango nuke. Gerta daiteke nekatuta egotea, belauneko minez... Eta, ondorioz, ez da beti gozatzen duzun zerbait, jakina.

Kontrara, kariño hartzen diozu praktika horri eta pasioz egiten duzu. Orduan… Esango nuke pixkanaka ari naizela ulertzen zergatik gustatzen zaidan dantza. Txikitan gustura egiten nuen, oro har, gozagarria delako —mundu guztiari gustatzen zaio pixka bat dantza egitea—.Orain, berriz, diziplina zabala eta anbiguoa denez, gero eta gehiago sakontzen eta ezagutzen duzu nolabait. Hor nagoela esango nuke. Egunaren araberakoa ere bada. Batzuetan zoragarria da emanaldi bat ikustera joan eta hunkitu egiten zarelako; eta, beste batzuetan, ez dut ezer gehiago jakin nahi dantzaz [barrez].

Sentitu duzu noizbait beharrak baldintzatu egin duela sortzeko grina?

Sortzaile bezala ez asko, gauza bakarra egin dudalako eta nire kapritxo bat izan delako; zortea izan dut eta forma hartu du. Baina dantzari bezala bai, noski. Lehenengo lanak proposatzen dizkizutenean pentsatzen duzu: «Zeinen ondo, lortu dut norbaitek deitzea». Ezetz esatea oso gutxitan planteatu dut, nire egoera izan dena izan delako; eta, agian, gehiagotan egin beharko genuke.

Baina hilabetea bete behar duzu, eta horregatik esaten diozu guztiari baietz. Eta noski, bukatzen duzu egiten proiektu bat, agian, ez zaizuna asko interesatzen. Baina horrela ikasten duzu, baita ere, kritikotasun bat garatzen eta ikusten zuretzat zerk funtzionatzen duen eta zerk ez.

Gainera, oso prekarioa da, eta horrek ere askotan erre egiten du sorkuntzarako pasio polit hori. Gaur egun jende asko sumatzen dut gurpil horretan sartuta: ikuskizun bat sortu, ahalik eta emanaldi gehien lortu… Eta errealitatea da zure ikuspuntua eta sorkuntza bera atzean geratzen direla. Eta hori, nire ustez, ez da bideragarria. Errealitate bat da, baina ikaragarria da.

Nola sumatzen duzu dantzarien egoera Euskal Herrian?

Sentitzen dut duela gutxi sartu naizela mundu honetan. Beste leku batzuen aldean badago mugimendua: konpainia dezente daude, festibal asko... Gu asko joaten gara Frantziara, eta Bilaka kolektiboan adibidez badauzkagu kide batzuk Frantziako aldizkakotasun erregimenaren barruan hilero kopuru bat kobratzen dutenak. Egonkortasun bat ematen du horrek; beste baldintza batzuk dira. Guk, ordea, ez daukagu langabezia ordainsaririk, eta hain gertu beste errealitatea bat ikusteak pentsarazten dizu hemen zenbat gabezia dauden.

Esango nuke falta dela halako babes edo saretze bat. Adibidez, jendeak aukera izan dezan elkar ezagutzeko, edo dantzariak behar baditu konpainia batek jakiteko nora jo… Horretan Gipuzkoako Dantzagunea ari da lan egiten, baina oraindik asko falta da. Eta, orokorrean, zailtasunak daude sortzeko laguntzak lortzeko, askotan ematen du zure bizitza justifikatu behar duzula. Instituzioen aldetik ez dago sentsibilizaziorik ulertzeko benetan artea zer izan daitekeen, edo jendeak zein ideia izan ditzakeen.

Zuretzat zer da dantza?

Aipatu dut oso mundu abstraktua eta anbiguoa dela. Beste diziplina batzuk badituzte hizkuntza zehatzagoak edo diskurtso bat; dantzak ez du halako helduleku solidorik. Orduan, nik uste zentzu batean horrek erakarri zaitzakeela. Oso eremu lausoa da eta, beraz, asko dago probatzeko, ikertzeko...

Niri praktika fisiko moduan asko gustatzen zait, eta gustura dantzatzen dut jendaurrean zein inor begira ez dagoenean. Eta esango nuke kateatu nauena dela dantza bera zer den eta zertarako balio duen jakin nahiak. Galdera orokorra dela sentitzen dut. Nola eta non egin dezakegun dantza publikoari zerbait eskaintzeko? Zalantzak ditut neronek ere. Egia esan, galdera handia da.

Motzean

BENIAMINBOAR

Dantzari bat? Lorena Nogal.

Eredu bat? Malpelo konpainia.

Dantzatzeko kide bat? Nagore Tamayo.

Ezagutzen duzun plaza bat? Figuereseko plaza bat.

Eta oraindik dantzatu ez, baina dantzatu nahiko zenukeen plaza bat? Ibarrako Idoiaga plaza.

Dantza estilo bat? Garaikidea.

Oraindik probatu ez duzun estilo bat? Bi dauzkat: tangoa eta salsa.

Doinu bat? Fandangoa.

Eta dantzatu ezin daitekeen doinu bat? Ez dago, dena dantzatu daiteke.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!