Ioseba Mateos txapeldunorde, 56. Toroneos Golkoko Nazioarteko Igerialdian

Igerilari ibartarrak 7 ordu pasatxoan amaitu zuen Greziako 26 kilometroko zeharkaldia, ur irekietako nazioarteko egutegiko proba ospetsu eta zorrotzenetako bat.

Ioseba Mateos igerilari ibartarra bigarren izan zen uztailaren 25ean Greziako Halkidikiko Kassandra eta Sithonia penintsulen artean jokatu zen 56. Toroneos Golkoko Nazioarteko Igerialdian. Mateosek 7 ordu, minutu bat eta 48 segundo behar izan zituen 26 kilometroko proba burutzeko. Oriol Moreno espainiarra izan zen txapeldun, 6 ordu, 32 minutu eta 24 segundoko denbora eginda. Hirugarren, berriz, Tzoukelari Arntit albaniarra izan zen, Mateosengandik sei segundora. Igerilari ibartarrak adierazi duenez, Greziako ur irekietako «tradizio handieneko zeharkaldietako bat» da, eta nazioarteko egutegiko «probarik ospetsu eta zorrotzenetako bat». Aurtengo edizioan 20 igerilarik parte hartu zuten.

Sailkapena:

1. Oriol Moreno Monteys (Espainia): 6.32.24
2. Ioseba Mateos Mateos: 7.01.48
3. Tzoukelari Arntit (Albania): 7.01.54

Proba ahalik eta ondoen prestatzeko helburuarekin, Mateos egun batzuk lehenago joan zen Greziara, airearen eta uraren tenperatura altuetara egokitzeko. «Aurten, gainera, maiatzaz geroztik Euskal Herrian izan ditugun bero-boladen ondorioz entrenamenduaren zati handi bat antzeko baldintzetan egiteko aukera izan dut». Lehiaketaren bezperan, aldiz, ekaitzaren ondorioz, tenperaturek behera egin zuten, eta horri esker, aurreikusitakoa baino baldintza hobeak izan zituzten.

Antolakuntzak emandako iragarpenaren arabera, 5 eta 10 kilometro orduko aldeko haizea, aldeko korrontea eta zeru garbia izango zituzten. Hala ere, errealitatea «oso bestelakoa» izan zela esan du Mateosek. «Zerua hodeitsu egon zen tarteka, eta eskerrak, lehen orduetako beroa arindu baitzuen. Ondoren, zerua erabat garbitu zen eta eguzkia izan genuen helmugaraino». Kanpoko tenperatura 30 eta 35 gradu artekoa izan zen, eta urarena 28,5 eta 30 gradu artekoa; «zazpi ordutik gora itsaso zabalean igerian aritzeko oso baldintza gogorrak».

Lehen orduetan haizea eta olatua aurka izan zituzten; aurreikusitakoaren oso bestelako egoera. «Horrek proba bereziki gogortzea eragin zuen, batez ere mentalki. Ez nuen sentsazio onik; ez nintzen ari eroso igerian. Hala ere, baldintzez ahaztu eta erritmo konstanteari eustea besterik ez nuen buruan. Gero, itsasoaren egoera hobetu egin zen, eta aldeko korrontea eta olatuak izan genituen; horri esker, helmugaraino sentsazio hobeekin joan nintzen». Mateosek aitortu duenez, bi karranpa eta giharretako minaldi bat baino ez zituen izan, «etengabeko ahaleginaren eta uraren tenperatura altuaren ondorioz». Adierazi du egoera horiek kontrolatzen jakin zuela, erritmoa galdu gabe.

Igerilari ibartarra «oso harro» dago proba amaitze hutsagatik bakarrik. Txapeldunorde izatea, ordea, «ustekabeko emaitza» izan da berarentzat. «Azken emaitzak hasierako itxaropen guztiak gainditu ditu, eta negu osoan egindako lanaren ordainik onena da», esan du. Ondorioz, «oso pozik» dago. Zeharkaldi honetan parte hartu eta proba bera amaitu duen lehen gipuzkoarra izan da. «Horrek balio handiagoa ematen dio lortutakoari», gaineratu du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!