Sormena dario Ibarrako Studio Maroca espazioari. «Diseinu estudioa eta sormen espazioa da, eta helburua auzoan komunitate artistiko txiki bat sortzea da», irribarrez hitz egin du Maria Rojo Calabuig sortzaile eta arduradunak orain bi urte martxan jarritako proiektuaz. Zerbitzu profesionala ez ezik, adin guztietarako tailerrak zein jarduerak ere antolatzen ditu bertan, eta zabalik da horietan izena emateko epea.
Akademizismotik urrundu eta artea edonoren eskura dagoela aldarrikatzen du Rojok; hain zuzen, norabide horretan egiten dute lan tailerretan: «Arteak guztiontzat ditu onurak eta, emaitzan zentratu beharrean, prozesuaz gozatzea da niretzat garrantzitsuena».
Eskaintza zabala
Hainbat tailer eskaintzen ditu eta, une honetan, zabalik dago izena emateko aukera. Gazteenei begira, 5 eta 9 urte arteko haurrentzat Artea eta sormena tailerra du prest, zeinak artearen historia duen abiapuntu. Hainbat artista eta mugimendu landu eta eskuak zikintzen dituzte askotariko teknikak erabiliz: serigrafia, estanpazioa, collage, marrazketa...
Nerabe eta gaztetxoei zuzenduta, berriz, Argitalpen esperimentazioa tailerra diseinatu du, eta fanzine espiritua du proposamenak. Ideia pentsatzetik hasi eta aldizkaria osatzerainokoa da jarduera, eta bakoitzak landu ditzake nahi dituen gaiak.
Helduei dagokienez, besteak beste, marrazketarako hastapenen tailerra du eskuragarri. Hemen ere interesa duen edonork har dezake parte, eta prozesuaz gozatzea da jardueraren helburu nagusia.
Jarduera gehiago
Baditu eskaintza gehiago Studio Marocak, hain zuzen, arrakastatsuenetako batzuk dira Collage&Vermut komunitatean sortzeko gunea eta aire zabalean marrazteko Pinta Kluba. Aurrez aipatutako filosofiari jarraitzen diete horiek ere, eta esperientzia komunitatean bizitzeari ematen diote garrantzia.
Horiek gutxi ez, eta beste ikastaro batzuk ere badaude eskuragarri, hain zuzen, koadernatze tailerra eta sashiko tailerra. Biak ala biak egunerokotik deskonektatzeko sekulako aukera direla nabarmendu du sortzaileak, eta kontatu du brodatzeko teknika japoniar bat dela sashiko: «Askotan erabiltzen da erlaxatzeko teknika gisa, baita Japonian ere. Patroi geometrikoak ditu, eta nola egiten den ulertzen duzunean oso erraza da».
Horrez gain, hiru hilean behin paperaren arloarekin lotura duten artista espezializatuak ere gonbidatzen ditu, eta haien proposamenak ezagutzeko eta ikasteko aukera izaten dute bertaratzen direnek.
Studio Maroca
- Helbidea.
- San Inazio auzoa 7, Ibarra
- Ordutegia.
- Astelehenetik ostiralera: 09:00-15:30.
- Helbide elektronikoa.
- hola@studiomaroca.com
- Web orrialdea.
- studiomaroca.com
- Instagram.
- @studiomaroca