Langostino Moto Elkarteak aurten urteroko hitzordua baliatu du mende laurdena ospatzeko, eta horretarako hiru eguneko festa izan dute. Aurtengo egitarauan ordea, berrikuntza bat izan dute: Langostino Txiki festa. Gaur goizean ospatu dute, Ibarrako plazan, eta moto zale txiki ugari animatu dira bertara.
Lehenengo, moto zale txalekoa sortzen aritu dira plazan, plastikozko poltsekin eginda. Txaleko guztiak prest zituztela, jostailuzko motorrak hartu eta Langostino Txiki birari hasiera eman diote ondoren. Plazaren atzealdean dagoen Zaldune kalean egin dute joan-etorria. Eta behin plazara iritsita, txokolatada eta trial show-a izan dituzte, besteak beste.