Joan den ekainaren 13an Le Flow des Gabarriers probako IV. edizioan parte hartu zuen Ioseba Mateosek. Frantzian etenik gabeko ur irekietako igeriketa-maratoirik luzeena dela jotzen da. Proba Charente ibaian egiten den 33 kilometroko jaitsiera da, Châteauneuf-sur-Charente eta Cognac artean, eta Association Le Flow des Gabarriers elkarteak antolatzen du.
«Oso lehiaketa berezia da, distantziaz gain, parte hartzaileok hainbat esklusa eta presa gainditu behar ditugulako ibilbidean zehar. Horrek bai igerilariei bai laguntza ematen duten kayak arraunlariei hainbat puntutan uretatik atera, lurretik metro batzuk egin eta berriro ibaira itzultzera behartzen gaitu, zeharkaldiarekin jarraitzeko», esan du Mateosek.
Neoprenorik gabeko kategorian (SCH Sans Combinaison Hommes) parte hartzea erabaki zuen ibartarrak. «2022an erronka hau planteatzen hasi nintzenetik argi nuen aukera hori egingo nuela. Niretzat, neoprenorik gabe igeri egiteak ingurunearekin eta ur irekietako igeriketaren benetako izaerarekin lotura autentikoagoa izatea esan nahi du. Gainera, azken esperientziek emandako konfiantzarekin iritsi nintzen: 2025ean amaitutako Capri-Napoli zeharkaldia, 36 kilometrokoa, eta Morocco Swim Trek, 30 kilometrokoa.
Aurtengo edizioko baldintzak «bereziki gogorrak» izan zirela dio. Uraren tenperatura 18 eta 20 gradu artekoa zen, eta antolatzaileen arabera, ibaiko emari txikiaren ondorioz korronte lagungarri gutxien izan duen edizioetako bat izan da. Horrek ahalegina handiagoa izatea ekarri zuen bai parte hartzaileentzat bai kayak arraunlarientzat. «Zenbait egun lehenago iritsi nintzen bertara, aklimatatzeko eta inguruan entrenatzeko. Nire asmoa neoprenorik gabe lehiatzea bazen ere, azken erabakia probaren bezperan hartu nuen, zazpi ordutik gorako igerialdia ur nahiko hotzean egin beharko nuela jakinda», zehaztu du Mateosek.
Lasterketa oso parekatuta hasi zen. Lehen trantsizioetako batean denbora pixka bat galdu zuen ibartarrak nire kayak arraunlariaren zain egon behar izan zuelako, eta horren ondorioz ibilbidearen zati handi batean postuak berreskuratu behar izan zituen. «Nire estrategia lasai mantentzea eta pixkanaka indarra handituz joatea izan zen. 15. kilometroaren inguruan lasterketako liderra harrapatu nuen, eta une horretatik aurrera sailkapenaren buruan jarri nintzen». Mateosek bere bikotekideak izan zuen funtsezko papera nabarmendu du: «Zeharkaldi osoan kayakarekin aritu zen. Laguntza logistikoa izan zen, nire begiak uretan, horniduren arduraduna eta une zailenetan ezinbesteko laguntza. Erronka hau berarekin partekatzeak are bereziago bihurtu zuen esperientzia».
20. kilometrotik aurrera arazo fisikoak agertzen hasi zitzaizkion igerilari ibartarrari. «Etengabeko karranpak izan nituen, sorbaldetako minak eta eskuetako lokartzea hotzaren ondorioz. Une zailenetako bat 27. kilometroko kontrol-gunean iritsi zen; ia ezinezkoa egin zitzaidan uretatik ateratzea, bi hanketan nituen tirakadengatik. Hala ere, aurrera egitea eta kontzentrazioa mantentzea lortu nuen», azaldu du.
Horrelako proba batean, alderdi mentala alderdi fisikoa bezain garrantzitsua dela esan du Mateosek «Nire bikotekideak lehen postuan jarraitzen genuela esaten zidan, baina banekien edozein ezustekok emaitza alda zezakeela. 31. kilometrora iritsi nintzenean ulertu nuen garaipena gertu zegoela eta geratzen zitzaidan guztia ematea erabaki nuen». Azken zatia «bereziki gogorra» izan zen, benetako distantzia 34,36 kilometro ingurukoa izan baitzen azkenean. «Hala ere, lidergoari eustea lortu genuen Cognacera iritsi arte, eta helmuga SCH Sans Combinaison Hommes kategorian garaile absolutu gisa zeharkatu nuen, 7 ordu, 26 minutu, 14 segundo eta 92 ehuneneko denborarekin».
Emaitza horrek ematen dion poza izugarria dela esan du: «Ez bakarrik garaipenagatik, baizik eta World Open Water Swimming Association (WOWSA) erakundearen Marathon River Swim Series zirkuituan dagoen nazioarteko zeharkaldi berri bat osatu dudalako, eta ibilbidean zehar agertu ziren zailtasun fisiko eta mental guztiak gainditu ditudalako». Orain atseden hartzeko eta hurrengo erronka prestatzen hasteko garaia dela esan du: Greziako Toroneos itsasartearen zeharkaldia, uztailaren amaieran izango den 26 kilometroko proba.
- 33 km Solo sailkapena neoprenorik gabe (SCH Sans Combinaison Hommes)
- Ioseba Mateos. 7.26.14,92
- Sylvain Campredon. 7.44.30
- Patrick Martinie. 8.00.48,62