Datorren denboraldirako CMO Valves Lauburu Ibarra areto futboleko taldearen lehen entrenatzaile izendatu dute Ibai Valverde (Pasaia, 1984). Azken denboraldian bigarren entrenatzailea izan da.
Nola hartu duzu lehen entrenatzaile izateko ardura?
Klubak niregan konfiantza jarri zuen unetik, nik ilusioz hartu dut albistea. Horretarako prestatu naiz azkeneko urteetan, eta gogo handiz nago erronka honi heltzeko.
Besteak beste, Laskorainen aritu zinen lehen entrenatzaile bezala.
Laskorainen hiru denboraldi pasatu nituen, horietako bat Bigarren B Mailan. Pasaitarra naiz, eta Antxon ere egin genuen igoera prozesua Hirugarren Mailara; han lau urte egon nintzen entrenatzaile bezala, eta orain bi denboraldi kirol zuzendari moduan. Eskarmentua badugu, ikasketak ere bai, eta postu berri honetarako prest nago.
Zer suposatzen du Bigarren Mailara igotzeko helburua duen talde baten lehen entrenatzaile izateak?
Erronka bezala hartzen dut. Niretzat erronka pertsonala zen Lauburuko lehen entrenatzaile izatea. Oso ilusionatua egon naiz prozesu guztian; Bigarren Mailara igotzeko inguruan dugun talde bakarra da, eta hori da nire kirol erronka profesionala, gorengo mailara iristea, alegia. Hori alde emozionalari dagokionez; bestetik, orain tokatzen zait arduraz jokatzea, lan handia egitea talde honek duen maila horri erantzun ona emateko.
Kluba ezagutzearen abantaila duzu.
Bai, eta apustua egin nahi dut gertuko jokalariengatik. Baditut buruan lau jokalari gurekin denboraldiaurrea egitea gustatuko litzaidakeena; ikusiko dugu beraien prestasuna, baina behintzat gurekin hainbatetan egoteko aukera izango dute. Horiek beren lekua izan behar dute.
Zertan nabarituko da aldea zu lehen entrenatzaile izanda?
Orain arte lehen entrenatzailea izan den Mikel Diestroren jokoarekin oso identifikatuta sentitzen naiz. Pare bat xehetasun aldatuko ditut defentsa ixten ari denean, hor beste ikuspegi bat dut, baina oso antzekoa izango da jokatzeko moduan: presio altua, intentsitate altuarekin, baloia nahi izatea eta berarekin jokatzea, eta mugimendua ekartzen duen jokoa bilatzea. Ikusi behar da ere zer jokalari izango ditugun datorren denboraldian.
Hain justu, jokalarien bajak eta fitxaketak kudeatzea tokatuko zaizu.
Horretan gaude bete-betean: hamaika bideo eta jokalari ikusten, gure jokalariekin negoziaketetan... Hor lan handia dugu egiteko, klub gehienek bezala. Jokalari taldea sortzea tokatzen zaigu, eta hor ikusiko da zein den gure maila. Aurrekontua badugu, baditugu tresnak jokalari horiek aurkitzeko, eta horretan gaude.