Motozaleen urteurren festa ospatuko dute uztail hasieran Ibarran

Leyre Carrasco 2026ko ekainaren 17a

Langostino Moto Elkartearen mende laurdena ospatuko dute uztailaren 3tik 5era. Berrikuntza moduan, asteburuko azken egunean Langostino Txiki festa antolatu dute.

Ibarrako Langostino Moto Elkarteak mende laurdena bete du. Euskal Herriko eta haragoko txoko ugari igaro dituzte motorraren gainean. Izan ere, 2001az geroztik, hilabeteko azken igandeetan elkartzen dira, motorrean, ibilaldiak egiteko. Baina horiez gain, badute beste hitzordu garrantzitsu bat: Langostino Moto Festa. Aurten, hitzordu hori baliatuko dute mende laurdena ospatzeko, eta horretarako, hiru eguneko festa antolatu dute, uztailaren 3tik 5era bitarte.

«Ez genuen uste 25 urtetara iritsiko ginenik, hori izan da beti gure helmuga, baina iritsi gara», adierazi dute harrotasunez antolatzaileek. Gipuzkoako motozaleen kontzentrazio zaharrenetakoa da Ibarrako Langostino Elkartekoa, eta orain arteko jardunarekin pozik agertu dira: «Mota askotako motorren aldekoak izan gara beti eta oso liberalak; ez dugu araurik eta ateak zabalik ditugu edozeinentzat. Hilabete bakoitzeko igandean egiten diren itzuliak hain lasaiak dira, jende asko animatzen dela horiek egitera».

Motorrean egingo duten ibilaldi batekin abiatuko dute larunbata, 11:00etan. Ibarratik abiatu eta Anoetara joango dira, eta Alkiza, Asteasu, Aia, Zarautz eta Orio igaro ostean, Ibarrara itzuliko dira. «Beste urteekin alderatuta ibilbide txikiagoa egingo dugu bazkarirako Ibarran egon nahi dugulako, baina Orion geldialdi txiki bat egingo dugu, hamaiketakoa egiteko», azaldu dute. Eguerdian, bazkaria, moto jokoak eta hawaiiar alkandora itsusien lehiaketa antolatu dute, eta iluntzean, afaria egingo dute. Tartean, kontzertuak, sariak eta zozketak izango dira. 

Prezioen zerrenda bat osatu dute, hala, larunbateko bazkarira joateko interesa dutenek 25,50 euro ordaindu beharko dute, afarira joan nahi dutenek 4,50 euro eta Langostino Moto Elkartearen kamiseta erosi nahi dutenek, berriz, 15 euro. Pack moduko bat ere osatu dute; bazkaria, afaria, elkarteko kamiseta, zozketak eta pintxoa sartzen dira. Hori hartzen dutenek 40 euro ordaindu beharko dute, aurrez, ekainaren 26a baino lehen, hurrengo zenbakian: ES89 0049 0734 69 2710895295. Bertan izen-abizenak eta kamiseta taila zehaztu beharko dira, eta onarpen kopia 681 883 633 zenbakira bidali beharko da. Egun berean ere ordaindu ahalko da, 43 euroren truke, lekuak bete arte.

Gaua Ibarran pasako dutenentzat Uzturpe ikastola utziko die Ibarrako Udalak. Gainera, bi egunetan zehar motorren osagaiekin postuak ere jarriko dituzte plazan, motozaleen eskura. Horrez gainera, taberna jarriko dute eta garagardoaz gain, mojitoak ere prestatuko dituzte.

Moto zale txikien festa

Aurten, berrikuntza moduan, Langostino Txiki egitasmoa ere antolatu dute. Hala, motozale gazteenek ere festaz gozatzeko aukera izango dute. Igandean egingo dute festa, eta giroan sartzeko, motozale txalekoa sortzeko tailerrarekin abiatuko dute eguna. Ondoren, Langostino Txiki bira egingo dute eta parte hartzaileak euren jostailuzko motorrekin ibiliko dira herrigunean zehar. Tartean, opariak, txokolatea, trial show-a, minimoto zirkuitua, musika eta pintxopotea izango dute.

«Gurekin 25 urte daramatzaten familiei eskertzeko modua zela iruditzen zitzaigun, hau guztiaren atzean familia asko daudelako eta haiek ere honen parte izatea nahi dugu, baina aldi berean, motoak gustatzen zaizkionak igandeko festaz gozatzeko aukera ere izango du», azaldu dute. 

Halaber, egitarauarekin bat egiteko gonbita zabaldu dute herritarren artean.

EGITARAUA

  • Uztailak 3, ostirala
    • 19:00-2100. Ongietorria.
    • 21:30. Kontzertua. Arka.
  • Uztailak 4, larunbata
    • 10:00. Izen-ematea.
    • 11:00. Moto bira.
    • 13:00. Pote & DJ'80s.
    • 14:00. Bazkaria, moto jokoak eta hawaiar alkandora itsusien lehiaketa.
    • 21:00. Afaria.
    • 22:00. Kontzertua.
    • 23:00. Guateke.
  • Uztailak 5, igandea
    • 11:00. Tailerra. Txaleko moteroa ta egurre!
    • 12:00. Langostino txiki bira.
    • 13:00. Opariak, txokolatea, trial show, minimoto zirkuitoa txikientzat, musika eta pintxopotea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!