Espaziorik gabe, Gazte Festen atarian

Ataria 2026ko ekainaren 9a

Ibarrako Gazte Asanbladak ostegunean abiatuko ditu Gazte Festak, eta egun horietan materiala gordetzeko erabiltzen zuten lokalik gabe geratu dira.

Kultur Astea ospatu berri du Ibarrako Gazte Asanbladak, eta parte hartzearekin pozik agertu dira Ugaitz Zabala eta Maider Romero asanbladako kideak. Orain, bigarren hitzorduari eutsiko diote: Gazte Festak. Ostegunetik igandera ospatuko dituzte eta egitarau zabala prestatu dute.

Antolakuntzan hainbat zailtasun izan dituzte, besteak beste, herritarren prestutasuna edota azpiegituren kostuen igoera. Eta, beste oztopo bat ere gehitu zaie: espazio baten beharra. «Orain arte, Gaztetxeaz aparte, Ibarrako Udalak beste espazio bat uzten zigun, batez ere Gazte Festetako egunetan materiala gordetzeko, eta hori kendu egin digute», kontatu du Zabalak.

Udalak espazio horretan obra batzuk egin behar zituela, eta ondorioz, ez zela erabilgarri egongo jakinarazi zien asanbladako kideei. Geroztik, sei hilabete igaro dira eta Romerok aitortu du denbora horretan ez dela obrarik egin eta espazioa hutsik egon dela. «Udalarekin negoziatzen ari gara, baina ez digute erantzun positiborik eman eta gure jarduna oztopatzen ari direla uste dugu», gaineratu du.

Izan ere, negoziazio bileretan asanbladako kideek euren baldintza eta beharrak argi utzi zituztela azaldu du Zabalak, baina horiek «ezikusiarenak» egiten eta «eskaintza txikitzen» joan direla kontatu du: «Hasieran espazio txikiagoa izango genuela esan zuten, gero espazio txiki hori hiru eragileren artean partekatu beharko genuela, gero metro karratu gutxi batzuk izango genituela, eta azkenean, ezer gabe geratu gara. Duela hiru egun obra aste honetan hasiko zela jakinarazi ziguten Whatsapp mezu baten bidez, eta aste honetarako hitzartutako bilera bertan behera geratzen zela esan ziguten, inongo azalpenik eman gabe».

Asanbladan haserre daude euren lana baloratzen ez dela uste baitute: «Gazte Festak indar erakustaldi bat dira, herrian antolatzen den egitasmo indartsuenetako bat baita, asanbladak soilik antolatua».

Tiketak salgai

Ekainaren 12an, ostiralean, gazte afaria egingo dute plazan, eta tiketak salgai izango dira Zubiaurre edo Atari tabernetan. Ekainaren 13an, larunbatean, barrikotea egingo dute plazan, eta DBH3ko ikasleak ogitartekoak saltzen egongo dira, baina horiek aurretik eskatu beharko dira 747457194 zenbakira idatzita. Ekainaren 14an, igandean, egingo den mus txapelketan ere aurretik eman beharko da izena, Zubiaurre edo Atari tabernetan.

EGITARAUA

  • Ekainak 11, osteguna
    • 18:31. Mural margotzea.
    • 19:01. Txupinazoa.
    • Ondoren, pintxo-poteoa, Gaztetxean.

  • Ekainak 12, ostirala
    • 17:01. Pilota ikuskizuna, Belabieta kiroldegian.
    • 19:33. Sagardo dastaketa, plazan.
    • 21:28. Gazte afaria, plazan.
    • 23:31. Muxutruk taldearen kontzertua, plazan.
    • 00:05. Naxker eta DJ Habibiren emanaldiak, Gaztetxean.
    • 02:31. Bingoa txosnan.

  • Ekainak 13, larunbata
    • 10:01. 4x4 Futbol Txapelketa, San Inazion.
    • 13:12. Gazte antzerkia, plazan.
    • 17:03. Alurr dantza taldea, plazan.
    • 17:26. Tortilla patata eta txokolatea, plazan.
    • 20:31. Barrikotea, plazan.
    • 23:01. Las Moskas Trompeteras taldearen kontzertua, plazan.
    • 01:32. DJ Maliren emanaldia, Gaztetxean.
    • Ekitaldi politikoa. Kaparrak.
    • Ondoren, generazioen arteko lehia, plazan.
    • 02:31. Bingoa, gaztetxean.

  • Ekainak 14, igandea
    • 08:32. Gosaria eta T3Tko korrikalariak animatzea.
    • 18:02. Mus txapelketa, Gaztetxean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!