Bigarren mailara igotzeko bidea zapuztu egin zaio Laubururi

Imanol Garcia Landa 2026ko ekainaren 3a

CMO Valves Lauburu Ibarrak Xerez taldearen aurka galdu egin du Bigarren Mailara igotzeko kanporaketa. Denboraldia bukatuta, dagoeneko hurrengoa planifikatzen hasi dira.

CMO Valves Lauburu Ibarra areto futboleko taldea ez da aurten Bigarren Mailara igoko. Xerez taldearen aurka jokatutako kanporaketa galdu egin zuen, larunbatean Belabietan 4-4 egin ondoren. Joanekoan aurkarien kantxan 3-2 galdu zuten, eta ibartarrek etxean partida irabazi beharra zuten. Gertu izan arren, azkenean gol batengatik ez zuten lortu. «Pena izan da, oso hurbil izan dugulako aurrera egitea», esan du Ibai Valverde Lauburuko bigarren entrenatzaileak.

Oso berezia izan zen joaneko partida Jerez de la Fronteran (Espainia), Valverdek azaldu duenez: «Han sekulako afizio baten aurrean jokatu genuen. Ez ginen kikildu, burua goran izan genuen, eta bizitu genuena sekulakoa izan zen. Taldeak bikain erantzun zuen, eta kontent eta ilusioz bueltatu ginen, bagenekielako etxean lan polit bat eginez gero, pasatzeko aukerak izango genituela».

Etxeko partidan 2-0eko abantailarekin jarri ziren. Gero Xerezek berdindu egin zuen, eta berriro ere aurretik jarri zen Lauburu. Ondoren 3-4 irabazten jarri zen Xerez, eta ibartarrek atezain-jokalaria atera zuten. Berdinketa lortu zuten, eta oraindik denbora izan arren garaipenaren gola sartzeko, ez zuten lortu. «Nire ustez gakoa izan zen 2-0 irabazten jarri eta egin genituen faltak», esan du Valverdek. Bosgarren faltaren ondoren, beste falta bat egiten den bakoitzean penalti bikoitza adierazten da. «Bi jaurtiketa izan zituzten, eta beraien pibotak biak sartu zituen, eta hori izan zen gakoetako bat. Nik beti esaten dut laugarren falta egin eta gero, ez dela utzi behar aurkariak falta bat probokatzea, gero epaileari falta iruditzen bazaio, hori adierazi dezakeelako. Hiru izan ziren zalantzazkoak, eta hirurak adierazi zituzten».

Binako berdinketa lortutakoan, aurkariek buelta eman ziotela esan du bigarren entrenatzaileak: «Beraiek jota zeuden. Ikusten zitzaien aurpegian gu gainetik pasatzen ari ginela, eta hobeak ginela, eta sekulako indarra eta kemena zegoela. Gainera harmailak goraino beteta zeuden, eta hor izan genuen aukera, baina ez genuen aprobetxatu». Kokapenezko jokoan «askoz hobeak» izan zirela esan du Valverdek, «baina jakin behar da partida hauek nola jokatu, eta beraien heldutasunak hori erakutsi zuen».

Zaleek harmailetatik emandako laguntza bereziki eskertu du: «Beti dugu Belabieta hagitz familiarra. Haur asko ditugu akademian ikasten, eta nabaritzen da eskola bat garela batzuetan eta hori polita da, baina baita ere asteburuan bizitu den kemena eta animatzeko garra hori ere polita da. Zenbat gazte egon da hor animatzen, saltoak ematen, kantatzen... Hori ederra da».

Jokalariak «lur jota» geratu ziren. «Pentsatu behar dugu beraientzat Bigarren Mailan egotea aukera bikaina dela. Gehienak oso jokalari gazteak dira, eta beraientzat maila horretara iristea jada profesionalismoa da. Hortxe daude beti, urte bat pasa eta beste bat, eta beraientzat oso garrantzitsua zen finalera iritsi eta mailaz igotzea». Orain sufritzea tokatzen dela gaineratu du Valverdek, eta horregatik prozesuari garrantzi gehiago eman behar zaiola: «Igoera bat da bizitzen duguna, baina baloratu behar ditugu eguneroko entrenamenduak, eguneroko lana, eguneroko bizipenak... Horiek ez baditugu baloratzen, dena erortzen da».

Denboraldia bukatutzat eman dute CMO Valves Lauburu Ibarran. Orain datorren denboraldiko planifikazioan murgilduta daude. Mikel Diestro lehen entrenatzaileak ez du jarraituko klubean, eta aurki jakinaraziko du klubak zeinek hartuko duen kargu hori. «Orain garrantzitsuena jokalariak dira», esan du Valverdek. «Bertako ,jokalariak zaindu behar ditugu, gurekin egotea nahi dugu. Eta kanpotik ekartzen diren jokalari on horiek ea gurekin egon nahi duten. Ikusi beharko da zer-nolako taldea egiten dugun».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!