Dantzarien herria

Ataria 2026ko maiatzaren 9a

Dantzari Txiki Eguna ari dira ospatzen Ibarran. Herriko dantzariez gain, Euskal Herriko hainbat talde ere ari dira parte hartzen.

Alurr dantza taldeak hiru hamarkada bete zituen iaz, eta urteurrenaren harira, emanaldi berezia egin zuten atzo, Belabieta kiroldegian. Gaur egun taldean ari diren dantzariek, nahiz garai batean partaide izandakoek dantzatu zuten, zuzeneko musikak lagunduta. Eta, dantzei dagokienez, gaur egungoak nahiz lehengoak uztartu zituzten. Alurrek, gainera, Hamaikua izeneko emanaldi berria estreinatuko du hilaren 24an, Ordiziako Plaza Nagusian, 18:00etan.

Bada, gaurkoan, gaztetxoen txanda da. Izan ere, bi urtez behin antolatzen duten Dantzari Txiki Eguna ari dira ospatzen. Dantzari ibartarrez gain, Arrasate, Oñati, Bera eta Anoetako dantzariak ari dira urtean zehar ikasi dituzten dantzak jendaurrean egiten. Lehendabizi herriko kaleetan zehar aritu dira, eta ondoren, San Bartolome plazan dantzatu dute. Bazkariaren ostean, 16:00etan hasita, Ttipikaren doinupean dantzaldia izango da.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!