Aurreko asteburuan ligako garaipena lortuta bazuten ere, Belabietan Segoviako taldeari irabazita etxean ospatu zuen areto futboleko CMO Valves Lauburu Ibarra taldeak lorpena. «Tausten lortu genuen Bigarren B Mailako gure multzoko liga irabaztea, eta han ospatu genuen, baina gure etxean, familiakoekin, gure zaleekin ospatzea oso berezia izan da», esan du Ibai Valverde bigarren entrenatzaileak. «Gainera kopa ekarri zuten, eta hori eskaini genien zaleei, eta oso pozik gaude».
Garbi dute helburu nagusia hor dagoela oraindik: Bigarren Mailara igotzea. «Liga irabaztea hamahiru urte eta gero ondo egindako lanaren emaitza da, eta horrela ospatu dugu», dio Valverdek. «Baina ezin da ukatu benetako helburua igoera dela. Lehen helburua liga irabaztea zen, igoera faserako hainbat abantaila ematen dizkigulako, baina buruan duguna igoera fasea da».
Bigarren B Mailak sei multzo ditu, eta horietako batean izan da irabazlea talde ibartarra. Igoera faseak hiru kanporaketa ditu, eta liga irabazteak lehen kanporaketa ez jokatzearen abantaila eman dio. Multzo bakoitzean bigarren eta hirugarren geratu diren taldeen artean egingo dira lehen kanporaketak, zozketa bidez. Hortik sei talde aterako dira, eta berriro zozketa egingo da multzoko irabazleak sartuz. Maiatzaren 18an izango da zozketa hori, eta orduan jakingo dute ibartarrek zein izango den euren aurkaria. Maiatzaren 23an eta 30ean jokatuko da kanporaketa hori, eta Belabieta kiroldegian itzulerako partida jokatuko da. Kanporaketa hori gainditzen duten sei taldeen artean azken kanporaketa jokatuko da, eta horko hiru irabazleak igoko dira Bigarren Mailara.
Bigarren entrenatzaileak azaldu du gogoz daudela igoera fasean beraien txanda iristeko. «Taldea eta egindako lan guztia bideratuta dago igoera lortzeko. Datorren denboraldian Belabietan Bigarren Mailan jokatu nahi dugu, ilusio handia dugu, eta horrela izango dela sinetsita gaude».