Segurtasun-neurri osagarriak ezartzea erabaki du Ibarrako Udalak, ikastolako segurtasuna eta bizikidetza egokia bermatzeko helburuarekin. Horren harira, Uzturpe ikastolan segurtasun-kamerak modu iraunkorrean jartzea erabaki du, edozein egoera onartezin saihesteko asmoz.
Neurri honen helburu nagusietako bat da ikuspen urriko edo kontrol zailagoko eremuak zaintzea; eremu horien artean dago ikastolaren esparrua bera. Bereziki, eskola-ordutegitik kanpo, instalazioa herrigunetik kanpo dagoenez, zaurgarriago bihurtzen da. Ondorioz, udalak beharrezkotzat jo du prebentzio-neurriak indartzea, balizko gertakariak saihesteko.
Era berean, azkenaldian gertatutako bandalismo-ekintzek ere erabaki hau hartzera bultzatu du. Udaletik azpimarratu dutenez, «ikastolako espazioak eta instalazioak sortzeak eta mantentzeak ahalegin handia eskatzen dio bai ikastolari bai udalerriari. Denon artean egindako inbertsio eta lan horren balioa zaintzea eta babestea ere bada neurri hauek ezartzeko arrazoi nagusietako bat».
Halaber, argi utzi dute kamerak ez direla martxan egongo eskola-ordutegiaren barruan; hau da, ikasleen jarduera akademikoa garatzen den bitartean ez dute funtzionatuko. Kamerak soilik eskola-ordutegitik kanpo aktibatuko dituzte, eremuaren zaintza indartzeko helburuarekin.
Bestalde, jasotako irudien kudeaketari dagokionez, azpimarratu dute ez dituztela etengabe berrikusiko, ez ikastolak, eta ezta Udaltzaingoak ere: «Irudi horietara soilik joko da benetako beharra dagoenean, gertakari zehatzak argitzeko edo egiaztatzeko».