Josu Ozaita Azpiroz ibartarrak zuzendutako Hatsa filmak eta Saioa Miguelen Gatz Haranak irabazi dituzte, hurrenez hurren, Eusko Label Film Mikrolaburren III. Lehiaketako lehen eta bigarren sariak. Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzak antolatzen dute lehiaketa hori, HAZIren bidez, eta helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko hurbileko produktua zabaltzea eta babestea zinemaren bitartez, bai eta nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza-munduan jasangarritasunari buruzko guztia sustatzea eta ezagutaraztea ere.
Hatsa filmak lortu du lehenbiziko Eusko Label saria eta 6.000 euro jaso ditu; lan horrek ikatzaz hitz egiten du, gure arbasoen bizimodu gisa. Gatz Harana lanak, berriz, gatzaren ibilbidea erretratatzen du, eskuz ekoizten denetik eguneroko erabilerara arte, eta hark irabazi du bigarren saria eta 4.000 euro. Pedro Subijana sukaldaria izan da epaimahaiburua. Karmele Pikabea Euskaber kooperatibako gerenteak eta Raimundo Ruiz de Escudero HAZIko zuzendariak osatu dute epaimahaia.
