Ibarrako jaiak 2025

Lehertu dira festak Ibarran

Ataria 2025eko abuztuaren 21a

Sanbartolome jaiak hasi dira eta Hauspoa kultur elkartekoek bota dute suziria.

Suziria bota aurretik, Hauspoa kultur elkarteko kideek hitz batzuk irakurri dituzte:

  • Hogeita bost urte dira
    hartu genuela plaza,
    euskal kultura helburu,
    irauli nahi anabasa,
    bertso, antzerki ta festa,
    bidea ez hain erraza,
    Hauspoari ere hara!
    berotzen zaio arnasa.
    Asko daukagu jokoan
    ez pentsa denik jolasa,
    baratzea landu ezik
    gailen baita barrabasa.
    Orain sanbartolomeak,
    zuentzat gure solasa,
    euskaraz, errespetuan,
    gozatu eta ondo pasa.

Bide batez Palestina ere gogoan izan dute, eta horren harira ere Igor Zapirain alkateak azaldu du bandera palestinar handi bat zabalduko zutela udaletxean. Txarangen lehen doinua entzun da, eta euriak emandako tregoa amaitu da, zaparrada hasi baita. Tarte batez itxaron ondoren, Bartolo eta Bartola erraldoien dantza iritsi da, eta ondoren kalejira hasi dute, erraldoi eta buruhandiekin, dultzaineroak eta txarangarekin.

Txupinazoaren aurretik, XXXV. San Bartolome bozeto lehiaketako eta VIII. Diseinu Lehiaketako sari banaketa egin dute. Bozeto lehiaketa hiru mailatan banatu dute: LH1 eta LH3 bitarteko mailan, Alaitz Altuna Zabala izan da irabazlea, LH4-LH6 mailan Araitz Galarraga Perez, eta DBH1-DBH4 mailan Eki Mendizabal Azpeitia. Diseinu lehiaketaren saria, eta, beraz, festen egitarauren azala, Paula Bonilla Zagalak irabazi du, Hau bai giroa lanarekin.

Ikusi hemen Ibarrako festen egitarau osoa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!