Ibarrako Udalak irakurketa gune bat egokitu du Arane iturriaren ondoan. Txabola moduko bat eraiki dute, liburuz beteriko apalategiekin. Espazio librean irakurketa praktika iraunkorrak sustatzeko helburuarekin abiatu du udalak egitasmoa. Eta, horretarako, herriko jostun taldeak Araneko garbitokia kakorratzez egindako kuxinekin eta irudiekin apaindu du, irakurketa guneko erabiltzaileek liburuak, aldizkariak edota egunkariak irakurtzeko espazioa izan dezaten.
ARANEKO GARBIGUNEA
Ibarrako sarreran jarri zuten Eguberrietako pinuak izandako arrakastaren ostean, herriko beste txoko bat apaintzea erabaki du herriko jostun taldeak. Hala, patchwork teknika erabiliz, Araneko garbitokia apaindu dute. Egindako lana «ordutan ezin dela kontatu» diote Mari Jose Ruiz eta Izaskun Ugartemendia jostunek: «Emakume ugari elkartzen gara eta, lana baino gehiago gure artean sozializatzeko aitzakia izaten da hau».
Hain justu, ostegunetan biltzen dira udalak utzitako Txontxo lokalean, eta kakorratzez egindako apaingarriak sortu dituzte bertan; garbigunearen kasuan, kuxinak eta irudi ezberdinak –tximeletak, loreak, tomateak edota piperrak, besteak beste– egin dituzte. Baina lana etxera ere eramaten dute, ez baitute egunean bertan bukatzen.
Hilabete askoren lanaren emaitza izan da gaur goizean aurkeztu duten irakurketa txokoa. Baina aurreko egitasmoaren antzera, ingurumena eta jasangarritasuna kontuan izanda eta apaingarriak egiteko erabiltzen zuten materialaren inguruan hausnartu ondoren, Garagunekoen laguntza izan dute oraingoan ere. Azken hauek liburuetarako orri-markatzaileak diseinatu dituzte, eta horiek ere irakurle txokoan izango dira erabiltzaile guztien eskura.
Irakurketa gunea Araneko garbigunearen ondoan kokatzea «ideia ona» izan dela adierazi du Ruizek, «leku historikoa delako eta kokagune oso onean dagoen gunea da, herritar ugari bertatik igarotzen baita». Horregatik, herritarrei bertara gerturatzeko gonbita zabaldu diete, «bai norberak etxetik ekarritako liburua irakurtzeko bai eta bertan utzitako aldizkariak irakurtzeko ere». Halaber, Ibarrako jostun taldeak egindako lana eskertu nahi izan du udalak eta taldekideek jarri duten «ilusioa eta disposizioa» azpimarratu dute.
AURRERA BEGIRA
Eguberrietako pinuarekin soberan geratu zitzaizkien zatiekin osasun etxeko sarrera apaindu zuten, eta horri jarraipena emateko asmoa dute egun hauetan. Dagoeneko osasun etxeko eraikinaren aurrealdeko lau zutabe atondu dituzte harizko zatiekin, eta orain, gainontzeko zutabeak eta bankua atonduko dituzte. Horrez gainera, aurten, udaletxean jarriko duten Eguberrietako pinua ere osatuko dute.