«Guztien artean» harilkatu dute, aurten, Eguberrietako pinua

Aitor Arroyo Askarai 2024ko abenduaren 5a

Gaur goizean aurkeztu dute Ibarra sarrerako Eguberrietako pinua. Kakorratzez egindako apaingarriekin eta herriko hainbat eragilerekin elkarlanean osatu dute; soberan geratu zaizkien zatiekin herriko osasun zentroko sarrera ere apaindu dute.

Gaur goizean aurkeztu dute Ibarran herri sarrerako Eguberrietako pinua. Aurten patchwork teknika erabiliz, kakorratzez egindako zatiekin osatu dute apaingarria. Proiektua elkarlanean gauzatzen dute urtero Ibarrako Udalak, Uzturpe Ikastolak eta Garaguneak; aurten, ordea, horrelako eskulan bat egiteko esperientziarik ez zutela-eta, laguntza eskatu diete zenbait herritarri, Bizi Nahi elkarteari, josten ibili izan direnei, etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileei eta kultur tailerretan aritzen den talde bati.

Igor Zapirain Ibarrako alkateak gogobeteta hitz egin du apaingarriaren inguruan: «Oso emaitza ona izan du elkarlanak, eta apaingarri zoragarri bat daukagu herriaren sarreran». Hortik harago, baina, nabarmendu du egitasmo horren bitartez «herritar ezberdinen arteko elkarlana» sustatu dutela, eta zabalik utzi du «etorkizunera begira» errepikatzeko aukera.

Hari berari tiraka, eskerrak eman dizkie harizko zuhaitza osatzen aritu diren herritar eta boluntario guztiei: «Eskerrik asko guztioi. Herritar guztion artean egitea komunitatea egitea da, eta horren garrantzia azpimarratu nahi dugu pinu honek ematen digun aukera aprobetxatuz»

Herri sarrera eta osasun zentroa
Aurten, gainera, berrikuntza bat ere badu proiektuak; hain zuzen, soberan geratu zaizkien zatiekin osasun etxeko sarrera ere apaindu dutela. Eraikinaren aurrealdeko lau zutabe jantzi dituzte harizko zatiekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!