Ibarrako CAF-Rail Line enpresako langileak mobilizatzen hasiko dira enpresako hitzarmenaren negoziaketa dela eta. Bihar lanuztea eta elkarretaratzea egingo dute 11:00etatik 12:30era, Apatta industrialdeko bulegoen aurrean.
CAF-Rail Line CAF enpresaren filiala da. LAB sindikatuak esan duenez orain arte ez dute ez hitzarmen propiorik ez langile ordezkaririk izan, «duela urtebete bertako langileek LABen antolatu eta hauteskunde sindikalak egitea erabaki zuten arte». Ondotik, negoziaketa kolektiboari bide eman eta enpresa mailako lehen akordioa erdiesteko bideari ekin ziotela esan du sindikatuak.
Langileek batera egindako prozesu baten ostean, duela bi hilabete aurkeztu zizkioten enpresari hitzarmenerako eskakizunak; «soldata igoera, urteko lanaldiaren jaitsiera, telelanaren arautzea eta antzinatasun plusa dira eskakizun nagusiak». Enpresa hitz egiteko eta negoziatzeko borondate falta izaten ari dela esan dute; «hasiera batean negoziaketa bera ukatzetik onartezinak diren proposamen eskasak egitera igaro dira». Horregatik greba eta mobilizazioen bideari ekin diote langileek, pasa den asteartean egindako langile batzarraren gehiengo zabalak hala erabakita. Otsailean zehar lanuzteak egiten hasiko dira eta martxoan greba egunekin jarraituko dute. Enpresari eskatzen diote jarrera aldatu eta arduraz eta akordiotara iristeko borondatez joka dezala, negoziaketa mahaian langileen eskakizunei erantzunez.
Pasa den abenduan hasi zituzten mobilizazioak; Ibarrako bulegoen aurrean eta Beasainen, CAF enpresaren parean, mobilizatu ziren.