Rail Line enpresako langileek mobilizazioei ekin diete

Ataria 2024ko abenduaren 18a

CAF taldeko enpresako langileak hitzarmena negoziatzen ari dira, eta enpresaren «borondate falta» ikusita, mobilizatzea erabaki dute.

CAF taldeko Ibarrako Rail Line enpresako langileek elkarretaratzea egin dute gaur Beasaingo CAF lantegiaren aurrean. Enpresa eta langileak hitzarmena negoziatzen ari dira eta horren harira erabaki dute langileek mobilizazioaren bideari ekitea.

Langileen batzordetik azaldu dutenez, ez dute sekula hitzarmen propiorik eduki, ez eta langile ordezkaririk ere. Hala, duela urtebete antolatzea eta hauteskunde sindikalak egitea erabaki zuten. Langileekin batera egindako prozesu baten ostean duela bi hilabete aurkeztu zizkioten enpresari hitzarmenerako eskakizunak. Soldata igoera, urteko lanaldiaren jeitsiera, telelanaren arautzea eta antzinatasunaren plusa dira eskakizun nagusiak.

Langileek enpresaren «borondate falta» salatu dute: «Jaso duguna hasieratik erakutsi duten negoziatu eta gurekin hitz egiteko borondate faltaren erakusgarri besterik ez da izan. Negoziazioa ukatzearen eta onartezinak diren proposamen eskasak egitearen artean mugitu dira. Zentzu honetan behingoz gure eskakizun guztiei erantzun eta taxuzko proposamen bat egiteko eskatzen diogu enpresari».

Bada, egoeraren aurrean, lehengo astean Ibarrako bulegoen aurrean mobilizatu ziren langileak, eta gaur ere gauza bera egin dute Beasainen, CAF enpresaren parean. «Bide horretan jarraituko dugu tinko datozen asteetan», esan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!