Kakorratzez egindako apaingarriekin osatuko dute Eguberrietako pinua Ibarran

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko mai. 30a, 15:59

Patchwork teknika erabiliz apainduko dute herriko sarreran jarri ohi duten Eguberrietako pinua; herritarrek etxean edo herrian antolatutako ikastaroetan egin ahalko dituzte apaingarriak.

Oraindik urrun badaude ere, Ibarran Eguberriei begira jarri dira. Azken urteetan, Uzturpe Ikastolarekin eta Garagunerekin elkarlanean, Eguberrietako apaingarriak egin eta herrian zehar jarri izan ditu udalak. Aurten, ingurumena eta jasangarritasuna kontuan izanda, eta apaingarriak egiteko erabiltzen zuten materialaren inguruan hausnartu ondoren, Garagunekoekin jarri ziren harremanetan, eta ideia berri bat lantzeko erronka bota zieten. Baita onartu ere, kakorratzez egindako apaingarriekin Eguberrietako pinua osatzea proposatu baitzieten. Ondorioz, Euskal Herria kaleko 2. zenbakian, herriko sarrera nagusian, urtero udalak jartzen duen pinua modu horretara apainduko dute aurten.

Proposamena «oso egokia» iruditu zitzaion udalari. «Polita izateaz gain, aukera ederra da proiektua komunitatean egiteko, edonork parte hartzeko aukera ematen duelako eta norbanako orok pinu horren zati bat egin dezakeelako. Horrez gain, gure nahia da Garaguneri eta bertako kideen lanari ikusgarritasuna eman eta gainerako herritarrekin erlazioak normaltasunez izatea».

Ideia mahai gainean izanik, martxan jartzea zen hurrengo pausoa, baina ez Garaguneko kideek, ezta udalak ere, ez zuten esperientziarik horrelako proiektu batean. Ondorioz, laguntza eskatu zien zenbait herritarri, hala nola, Uzturpe Ikastolari, Bizi Nahi elkarteari, josten ibili izan direnei, etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileei eta kultur tailerretan aritzen den talde bati. «Eskerrak eman nahi dizkiegu, proiektuaren diseinuan ezinbestekoak izan baitira, pinua nola egin, zer material erabili eta zer forma izan behar duen erakutsi digutelako», adierazi du udalak.

Ia hiru metrokoa
Behin proiektua diseinatuta, herritarrekin partekatu eta martxan jarriko dute. «Laguntza handia beharko dugu, ia hiru metroko altuera izango duen pinua osatu nahi dugulako». Hori dela eta, herritar orori dei egin nahi die, edonork parte hartu dezakeelako proiektuan. 15 x 15 zentimetroko laukiak egitea da helburua. «Bakoitzak nahi duen kolorekoa egin dezake, baina azken zatia, izkinakoa, orlegiz egitea da, pinu izaera emateko», azaldu dute udaletik.

Garagunekoak hasi dira dagoeneko, jostun taldeko kideekin, eta ostegunero, Ibai-gain kaleko Txontxo lokalean elkartzen dira, 10:30etik 12:00etara. Bizi Nahi elkartean ere talde bat osatu dute, eta astelehen eta asteazkenetan elkartzen dira, 16:30etan. «Gonbidatuta zaudete, bai kakorratza nola egin ikasteko, bai dakienak gainontzekoei erakusteko, bai elkarrekin lana egiteko, baita, norbaitek bere etxean egin nahiko balu, materiala jasotzeko ere». Uzturpe Ikastolako ikasleak ekainean hasiko dira lanean.

Parte hartzeko interesa duenak edo informazio gehiago behar duenak aipatutako hitzorduez gain, udaleko ingurumen, merkataritza eta nekazaritza sailera deitu dezake, 943 671 138 telefono zenbakira. «Ilusioz hartu dugun proiektua da, konpainia ederrean egiteko aukera ematen diguna». Urrirako aurreikusten dute apaingarri gehienak eginda izatea, eta orduan, pinuari forma ematen hasiko dira. «Denak gonbidatu nahi zaituztegu pinu honen zatitxo bat egitera, herritar guztion artean egitea komunitatea egitea delako, eta horren garrantzia azpimarratu nahi dugu pinu honek ematen digun aukera aprobetxatuz».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!