Aurtengo Ataria Pilota Topaketan babesle moduan ariko da Ibarrako Apatta industriagunean dagoen Oria Sport Wear enpresa. Izan ere, enpresak jantziko ditu topaketan parte hartuko duten pilotariak.
Orain gutxi Oria Sport Wear-ek eta pilota profesionaleko Baiko Pilota eta Aspe Pelota enpresek egin zuten pilotarien jantzi berrien aurkezpena, Apatta industriagunean bertan, tartean pilotari profesionalak zeudela. Beste pauso garrantzitsu bat eman dute bere ibilbidean, Oria Sport Wear enpresako koordinatzailea den Rakel Uribeetxeberriak azaldu duenez.
Pilota eskolekin ere aurretik harremana zutela nabarmendu du Uribeetxeberriak, eta pilotari profesionalen jantziak egitearekin, beraien helburua «gu ezagutzea, hemen bertan gaudela, eta dena bertan egiten dugula jakinaraztea da».
Orain bost urte jarri zuten martxan enpresa, eta Tolosaldearekin «oso eskertuta» daudela azaldu du Uribeetxeberriak: «Hasieratik kirol klubak, eta lagun taldeak ere, galdetzera etorri dira, gu ezagutzera, aurrekontuak eskatzera, egiten dugun arropa mota ikustera... Bost urte hauetan pauso handi batzuk ematen joan gara», zehaztu du.
Bere webgunearen bidez erosi daitezke kirol arropak, eta kirol dendetan ere lortu daitezke pilotari profesionalen jantziak eta bestelako arropak, Oria Sport Wear-ek egindakoak. Kirol mota ugarirentzako jantziak egiten dituzte bertan, eta eskualdeko hainbat kirol talde janzten dituzte, eta baita eskualdetik kanpokoak ere.
Bertan egindakoa eta eskuz egindako lana dela nabarmendu du Uribeetxeberriak. «Guk kalitatea dugu, eta hori zaintzen dugu hasieratik. Guk nahi dugu dena bertan eduki eta kontrolatu. Kirol taldeek batzuetan behar izaten dituzte denboraldian zehar beraien arropa gehiago, eta aukera dugu hemen hori eskaintzeko, pertsonalizatu egiten ditugulako. Garrantzitsua da hori kirol talde txikientzako».
Hain justu, Oria Sport Wear-entzako garrantzitsua bertako kirolekin eta taldeekin harremana izatea dela gaineratu du: «Guk kirolariengandik ikasten dugu. Zer botatzen duten faltan galdetzen diegu eta elkarrekin erantzunak bilatzen ditugu».
Iban Urdapilleta ATARIA-ko kudeatzaileak antolakuntzaren aldetik eskerrak eman dizkio Rakel Uribeetxeberria eta Oria Sport Wear enpresari, aurtengo topaketaren babesle izateagatik. «Eskualde ikuspegitik lanean ari garen bi eragileren lankidetza hau garrantzitsua da, eta espero dugu aurrerantzean jarraipena izatea», azaldu du Urdapilletak.