ZEOS programan murgildu da Ibarrako Uzturpe ikastola

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 17a, 07:59

Mugikorren erabilera osasungarria sustatzeko eta nerabeen osasun emozionala hobetzeko helburuarekin prestakuntza saioak egingo dituzte ikasle, irakasle eta familiek.

Uzturpe ikastolak ere bat egin du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak finantzatzen duen ZEOS (Zentzuzko Erabilera eta Osasuna Saretzen) programa aitzindariarekin. Mugikorren erabilera osasungarria sustatzeko eta nerabeen osasun emozionala hobetzea du helburu, eta, lehen aldiz, Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako ikasleek (15 eta 16 urte bitarte) eta irakasleek ez ezik, familiek ere parte hartuko dute.

«Esperientziatik diogu ikasleekin egiten den lanketa askotan olatu baten antzerakoa izaten dela, joan etorrian ibiltzen delako, hau da, askorengan klik egiten du, baina aldaketarako gakoa egunero beraiekin daudenak dira eta horiek dira familiak, beraiek baitute erantzukizun handiena», adierazi du hezitzaile, osasun digitalean aditu eta programako sustatzaileetako bat den Telmo Lazkanok. Maite Ormazabal terapeuta eta osasun emozionalean adituarekin batera gidatzen du programa.

Hain zuzen, lau prestakuntza saio egingo dituzte talde bakoitzarekin. Prestakuntza horiek nerabeen osasun digitala eta emozionala neurtzea dute helburu, eta baita familiak eta irakasleak ahalduntzea ere, irakasgaiaren ezagutzan eta haren ondorioak geldiarazteko tresnetan. «Euskal Herrian, orokorrean, buru gaixotasunen hazkunde handi bat eman da adingabeen artean. Beraz, programa honen helburua ez da soilik mugikorrarekin harreman osasuntsu bat eraikitzea, baita errealitate horri irtenbide bat ematea ere», gehitu du Lazkanok.

Izan ere, gaur egungo smart-phonen arriskua aipatu du hezitzaileak: «Interneterako sarbidea ematen baitizu eta bertan murgiltzeko gaitasuna ez duen pertsona batengan egoera oso zitala izan daiteke, ondorio kaltegarriak eragiten dituelako eta adikzio ez neutro bati sarbidea ematen diolako». Internet kontrolatzen ez dugun «mundu zabal bat» bezalakoa dela dio, eta bere ustetan, «bertan murgiltzen denak iritzi kritiko guztiak mamituta izan behar ditu, ondoren erabilera arrazionala emateko».

Saioetan ikusi eta ikasitakoa praktikan jartzeko asmoarekin bideratzen dituzte saioak Lazkanok eta Ormazabalek, «familiarekin familia esparrutik eta irakasleekin hezkuntza esparrutik». Horretarako, ezagutza, tresna eta baliabide ezberdinak eskaintzen dituzte, eta horien artean dago nerabeen eta mugikorren arteko harremana hobetzeko helburua duen, berriki 2022-2024 aldian Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Euskadiko adikzioen arloan egindako jardunbide onenaren saria jaso duen eta Lazkanok sortu duen No phone challenge proiektua.

Ardura partekatua

«Proiektu horri [No phone challenge] esker jarri ginen harremanetan Telmorekin», gaineratu du Itziar Saizar Uzturpe ikastolako irakasleak. «Ikastolan, chromebookaren erabilera handia zegoela ikusi genuen eta horri erabilera egokiago bat eman nahi genion», azaldu du. Era berean, duela urtebete Uzturpe ikastolako guraso talde batek sortu zuen Zugatik Gugatik proiektuko partaide ere bada, eta bere esanetan, «gu ere ez gara konturatzen mugikorrak nola lotzen gaituen, zein erabilera desegokia ematen diogun eta zein arrisku dituen».

Saizarren hitzetan, «askotan kosta egiten zaigu guraso bezala onartzea agian ez dugula ondo egin eta uste dut Telmoren hitzaldiek eta berak emandako datu guztiek begiak zabaldu dizkigutela gauzak hobetzeko». Uzturpe ikastolako irakasleen zein familien prestakuntza saioekin hasiak dira dagoeneko, eta guztira, 38 familiek bat egin dute programarekin. Saizarren ustetan, kopuru horrek «kezka handia dagoela eta etxe askotan oso gaizki pasatzen ari direla» adierazi nahi du.

Orain arte jaso dituzten prestakuntza saioetan, batez ere, sare sozialen inguruan aritu direla kontatu du Aitor Bengoa Uzturpe ikastolako zuzendariak: «Nerabe baten mugikorra hartzen badugu ikusiko dugu sare sozialei ematen diela erabilera nagusia eta arazo gehienak hortik datoz». Hala ere, teknologiaren onuretan sinistu behar dela dio zuzendariak, «mugikorrak alde on asko baititu helduok oraindik behar bezala ikasi ez ditugunak. Horregatik, lehenengo guk ikasi beharko genituzke, ondoren gazteei erakusteko».

Ordenagailuen erabilera ere arautua dagoela adierazi du, «baina gertatu izan zaigu ikastolan erabiltzen duten ordenagailua etxera eramaten dutenean pornoa ikusten dutela. Honekin esan nahi dut ikastetxeak dituen ardurak eta familiak dituen ardurak bereizten ikasi behar dugula». Horregatik, guztion ardura partekatua eskatu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!