Haurrak eta mugikorren inguruan hausnartzeko saioak izango dira

Leyre Carrasco 2023ko mar. 16a, 11:59

‘Zugatik Gugatik’ guraso taldeak bi hausnarketa saio antolatu ditu martxoaren 23rako; bata, Uzturpe ikastolako LH6ko ikasleei, eta bestea, gurasoei zuzenduta egongo dira.

Miren Ros Bidelagun proiektuko sortzaileak iazko azaroan Uzturpe ikastolan eskaini zuen Pantailak izeneko hitzaldian parte hartu zuten Uzturpe Ikastolako zenbait gurasok, eta bertan sortu zuten proiektua. Hamar kideek osatzen dute guztira Zugatik Gugatik ekimena, eta horien artean daude Larraitz Etxeberria, Amaia Errondosoro, Edurne Urdanpilleta, Joseba Intxausti eta Itziar Saizar. Gurasoak dira guztiak, eta lau eta 18 urte bitarteko seme-alabak dituzte. «Hitzaldi horretan gure seme-alabak arriskuan zeundela ohartu ginen, eta zerbait egin behar genuen horretarako», esan du Saizarrek.

Gaur egun, pantailekin sortu den errealitatea da gurasoen kezka nagusia, eta horretarako, seme-alabei mugikorra emateko adina «ahalik eta gehien atzeratzea» dute helburu. Izan ere, askotan haurrei mugikorraren erabilera hori aurreratzeko «betebeharra» sentitzen dute. «Adituek esaten dutenez, haurren burmuina 16 urtetatik aurrera dago garatuta, beraz, orduan egoten dira mugikorra bezalako gailu bati erabilera txukuna emateko prest», azaldu du Saizarrek. Hala ere, egoera honek «haurren garapen pertsonalean» ere kalteak eragin ditzazkela aipatu dute: «Ikasketetan, harremanetan, antsietatean edota irudimen faltan, besteak beste. Bukaezina den adar luze bat dago atzetik».

Intxaustiren arabera, «denon etxeetan sartuta dagoen zerbait da» teknologia: «Gure eguneroko jardueretan izugarrizko presentzia du, eta uneoro erabiltzen dugu zenbait kontsulta egiteko, adibidez». Horregatik, mugak zehaztu behar direla esan dute: «Sare sozialen erabilera egokia egiteko, ordutegi zehatz bat izateko, otordu edota ikastola orduetan mugikorraren erabilera debekatzea, eta unero egiten denaz kontziente izatea». Era berean, gurasoen esku hartzea ere «beharrezkoa» dela aipatu dute. «Beraien eredu izan behar gara, gure seme-alabek garapen pertsonal eta profesional osasuntsu bat izateko. Mugak errespetatuz hazi eta hezi behar ditugu», gaineratu du Intxaustik.

Hausnarketa saioak
Gailu teknologikoen erabilerak gazteengan zer nolako eragina duen hausnartzeko bi saio prestatu dituzte martxoaren 23an, ostegunean. Uzturpe ikastolako LH6ko ikasleei zuzendutako formakuntza saioa izango da lehena. Bertan, mugikorra, internet, online jokoak eta sare sozialen inguruan hausnartuko dute, eta hortik ateratzen diren komentarioak eta ondorioak 17:30etan Kultur Etxean antolatu duten bigarren saioan landuko dituzte, guraso guztiekin batera. «Gurasoen kontzientzia pizteko balio beharko lukeela pentsatzen dugu, gai honek zenbaterainoko kezka sortzen dien neurtzeko», esan du Intxaustik. Miren Rosek bideratuko ditu bi saioak.

Hasiberriak direla diote, eta pauso txikiak ematen ari badira ere, «ilusioz» ari dira lanean. «Taldearen berri eman nahiko genuke, ahalik eta babes gehiena lortzeko, eta indarra lortuz, aurrera egiteko», adierazi du Saizarrek. Horretarako, eskualdean aurkitzen diren beste guraso taldeekin  –Tolosako Altxa Burua, adibidez– «saretzea» dute asmoa, etorkizun batean horiekin batera elkarlanean aritzeko. «Erronka honek eraldaketa bat izan behar duela pentsatzen dugu. Tsunami baten kontra goazen olatu txiki bat gara. Horretaz kontziente izanik, gure seme-alabei etorkizun on bat opa diogu, eta aurrera egingo dugu, maitasunez, eta indarra hartuta», esan du Intxaustik.

Ekimenean parte hartzeko interesa duten gurasoek, zugatikgugatik@gmail.com helbidera idatzita eskatu dezakete honen inguruko informazioa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!