Neurketen arabera euskaraz dira elkarrizketa erdiak Ibarran

Tolosaldeko Ataria 2024ko ots. 28a, 11:59


Ibarrako kaleetan %52,3ak erabiltzen du euskara; %43,4ak, gaztelera; eta %4,3ak beste hizkuntza bat. Azken 20 urteetan lau puntu jaitsi da euskararen erabilera

Aurkeztu dituzte hizkuntzen erabileraren 2023ko kale neurketaren emaitzak: Ibarran elkarrizketen %52,3 egiten da euskaraz; %43,4, gazteleraz; eta %4,3 gainerako hizkuntzetan. 2023ko azterketan 864 elkarrizketen eta 2.501 hiztunen informazioa bildu dute.Neurketako emaitzen ondorioak elkarlanean aurkeztu dituzte Galtzaundi Euskara Taldeak, Ibarrako Udalak eta UEMAk eta haien iritziz jasotako datuen «bolumen handiak» ahalbidetzen du fidagarritasun estatistikorako baldintzak bermatzea.

Gazteen artean (%72) erabiltzen da euskara gehien, eta apur bat gutxiago haurretan (%67). Jarraian, heldu-gazteek darabilte gehien (%50); hurrena, heldu-nagusiek (%39) eta, gutxien, adinekoek (%37). Dena dela, bada alderik gazteen artean ere: 24 urtez azpikoen %68ak erabiltzen du; eta 25 urtetik gorakoetan, berriz, %41ak.

Mantendu edo behera
Erregistratutako lehen urteetan igoera izan zuen haurren erabilerak, baina mende honetan jaisten ari da: dagoeneko hiru puntu inguru. Gazteen erabilerak ere «igoera nabarmena» izan zuen 90eko hamarkadan, eta azken 20 urteetan mantendu egin da. Helduen artean ere beheranzko joeran doa euskararen erabilera azken bi hamarkadetan: bi puntu inguru jaitsi da. Alderik handiena, berriz, adinekoen artean hauteman dute: hamar puntu baino gehiago jaitsi da mende honetan.

Haurren eragina
Helduen arteko elkarrizketen %45 dira euskaraz, aldiz, helduak eta haurrak nahasian daudenean 19 puntu egiten du gora erabilerak. Bestalde, haurrak kalean egon ohi ez diren garaian egindako neurketan entzun da euskara gutxien, hain zuzen, ostiral goizean; aldiz, larunbat goizeko eta arratsaldeko neurketetan gehiago neurtu da euskaraz: 20 puntu gehiago.

Hizkuntzen kopurua gora
Ibarran geroz eta jatorri gehiagotako jendea bizi da, eta hori kalean entzuten diren hizkuntzetan ere antzematen da. 2015eko neurketaz geroztik euskara eta gaztelera ez diren hizkuntzak ere erregistratzen dira, eta neurtzen direnez geroztik inoizko presentziarik handiena izan dute: %4,3koa. Ehuneko hori Tolosaldeko herriak kontuan hartuz jasotako altuena da. Haurrak eta guraso gazteak dira euskara eta gaztelera ez diren beste hizkuntzak gehien erabili dituztenak: heldu-gazteen %11 neurtu da, eta haurren %5.

Ibarran «garrantzia eman zaio» azken urteetan bertako hizkuntza aniztasunari, eta hainbat egitasmo dituzte martxan, besteak beste, Galtzaundi Euskara Taldearen Auzoko ekimena, eta UEMAren laguntzarekin Uzturpe ikastolan duten kulturartekotasuna lantzeko proiektua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!