Unai Zubeldiak «amestutako debuta» izan du AlUlako Tourrean

Tolosaldeko Ataria 2024ko urt. 30a, 20:11
Unai Zubeldia, ihesaldiaren buru, gaurko AlUla Tourreko etapan. EUSKALTEL-EUSKADI

Unai Zubeldia protagonista izan da Saudi Arabiako AlUla Tourreko lehen etapan (2.1 mailakoa), profesional mailan lehen aldiz parte hartzen duen egunean. Euskaltel-Euskadiko txirrindulari ibartarra lasterketa buru izan da 120 kilometrotan zehar eta podiumera igo da, Tarteko Helmugetako liderra eta eguneko lehiakorrena bezala.

Zubeldiak irteeratik ihes egin du beste lau txirrindularirekin, Bettles (ROI), Yamamoto (JCL) Al Ibrahim eta Al Shaikhamed aurkariekin, eta azkena izan da amore ematen 18 kilometro falta zirenean, 149 kilometroko ibilbidean. Saria podium bikoitzarekin jaso du, Tarteko Helmugetako liderra eta eguneko Lehiakortasunaren Sariarekin.

Unai Zubeldiak etaparen nondik norakoak azaldu ditu: «Taldeak ihes egiten saiatzeko aipatu zidan helburu bezala, debut polit bat izateko. Horregatik, asmo horrekin atera naiz eta oso adi egon naiz; irteera eman bezain laster eraso bat izan da eta bost txirrindularik ihes egin dugu. Ondo lan egin dugu elkarrekin. Azken zatian bi lagun geratu gara buruan, baina zoritxarrez nire iheskideak zulatua izan du. Bakarrik geratu naiz buruan eta 15 kilometroren faltan harrapatu naute». Zubeldiak gaineratu duenez, «egun polita izan da, gustura egon naiz; nolabait amestutako debuta izan da».

Ibarrako txirrindulariak jauzia eman du tropel profesionalera, Euskaltel-Euskadiren eskutik, Laboral Kutxa harrobiko taldean bi denboraldi eman ondoren. Iaz, Legazpiko Santikutz Klasikoa, Espainiako Kopakoa, irabazi zuen, baita Lizarrako eta Berriatuko probak ere, eta Gipuzkoako eta Euskadiko 23 urtez azpiko txapelketak irabazi zituen. Zubeldia Business Data Analytics hirugarren maila ikasten ari da Bilboko Mondragon Unibertsitatean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!