Dantzan erritmoan solasean

Tolosaldeko Ataria 2024ko urt. 23a, 19:58

Alurr Dantza Taldeak dantza eta bertsoak uztartuko ditu ikuskizun batean: 'Solasean'. Ikuskizuna otsailaren 2an, 19:30ean, Ibarrako Belabieta kiroldegian izango da.

Uzturpe Ikastolako Aste Kulturala badator arrapalada batean, eta bertan Alurr Dantza Taldearen emanaldia ere ohitura bilakatua da dagoeneko. Antolatzaileek zehaztu dutenez, ez da dantza emanaldi soil bat izango: «Beti saiatzen gara euskal kulturako adreilu ezberdinak elkarren artean ahokatzen eta dantzaren limiteak handitzen. Lan horretan, lehenago dantza antzerkiarekin uztartu izan dugu. Aurtengoan berriz, bertsolaritza izango dugu gure pausoen gidari eta lagun». Ane Zubiak eginiko bertsoak izango dira dantzen hitz-aurre eta lotura, eta horrela arituko dira solasean. Ikuskizuna otsailaren 2an, 19:30ean, Ibarrako Belabieta kiroldegian izango da.

Gabon zozketako saria banatuta

Gabon aurretik beste hainbat kirol-talde eta eragileren moduan, Alurr dantza taldeak ere tiketak saldu zituen, saria Berrobiko Iriarte Jatetxerako otordua izanik. Bi tiket desberdin zituzten, biak sari berdinarekin. Batak bakarrik lortu du saria ordea, beste tiketaren zenbakia ez baita atera. Zenbaki sariduna 88530 izan da eta saritua berriz Ugaitz Rivera (Lezo). «Dantza taldea Ibarrakoa bada ere, dantzari hau urrutitik etortzen da gurekin ikastera eta dantzatzera. Merezitako saria du beraz!», adierazi dute antolatzaileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!