Ibarrako komiki lehiaketak baditu irabazleak

Ataria 2023ko abe. 13a, 11:57

Sari banaketa ekitaldia, ostiralean 19:00etan, Ibarrako Kultur Etxean egingo da; saritutako hamabost lanetako batek bere komikia Denonartean argitaletxearekin batera argitaratzeko aukera izango du.

Euskarazko komikigintza sustatzeko asmoa duen lehiaketa da Ibarra-Galtzakomik. Galtzaundi Euskara Taldeak, Ibarrako Udalarekin elkarlanean antolatu ohi du eta Euskal Herrian euskara hutsean egiten den bakarra izaten da. Hamaseigarren edizioa dute aurtengoa eta berrikuntza moduan, saritutako hamabost lanetako batek bere komikia Denonartean argitaletxearekin batera argitaratzeko aukera izango du eta dagoeneko badute horren irabazlea.

Sari banaketa ekitaldia, ostiralean 19:00etan, Ibarrako Kultur Etxean egingo da. Bertara gerturatu beharko dute saridun guztiek eta lehiaketara aurkeztutako komiki guztiak ikusgai egongo dira, ostiraletik abenduaren 29ra, Ibarrako Kultur Etxeko areto nagusian. Mahala baserriko produktuak zozketatuko dira sarituak izan ez diren parte hartzaileen artean; zozketa gaur ikusi ahal izango da, Galtzaundiren sare sozialetan.

Lau kategoria

Aurten ere, adina kontuan hartuta, lau maila izan ditu lehiaketak: 9 urtera artekoena —2014an jaiotakoak barne; 10 eta 12 urte bitartekoena 2011n eta 2013an jaiotakoak barne; 13 eta 16 urte bitartekoena 2007an eta 2010ean jaiotakoak barne; eta 17 urtetik gorakoena 2006an jaiotakoak barne. Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaileak, Yurre Ugarte idazleak eta Joseba Larretxe Josevisky arkitekto eta komikigileak osatu dute aurtengo epaimahaia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!