Erreportajea

Komikien bidez euskal istorioak sortzen

Leyre Carrasco 2023ko urr. 6a, 10:59

Galtzaundiko Idoia Lahidalga eta Ibarrako Udaleko Jexux Peñagarikano Galtzakomikeko aurkezpenean.

Tolosaldean martxan da euskarazko komikigintza eta sormena sustatzea helburu duen XVI. Galtzakomik lehiaketa. Azaroaren 28ra arte aurkeztu ahalko dira lanak.

«Ikastolen Elkarteak antolatzen duen antzeko lehiaketa bat ere badago, baina gazteentzako soilik da hura». Ikastolen Elkartearen komiki lehiaketa Galtzakomik euskarazko komiki lehiaketarekin alderatzen ari da Idoia Lahidalga Tolosaldeko Galtzaundi euskara taldeko teknikaria (Villabona-Amasa, 1979). «Modu zabalean, edozeinek parte hartzeko aukera eskaintzen du Galtzakomikek; Euskal Herrian euskara hutsean egiten den bakarra da, gainera». Lehiaketak hamaseigarren aldia du aurten, eta azaroaren 28ra bitarte zabalik dago komikiak aurkezteko epea. Galtzaundiren egoitzan bertan aurkeztu behar dira lanak, Tolosako Nafarroa etorbideko 6. zenbakian —behea—, edo postaz bestela, helbide horretan, 20.400 posta kodea gehituta.

«Galtzakomik lehiaketa duela hamasei urte antolatu zuten lehen aldiz; orduko zuzendaritzako kide zen Joseba Antxustegietxarteren ideia izan zen», hasi du azalpena Lahidalgak. «Joseba komikizale amorratua izanik, gazteen artean istorio bat kontatu eta sormena lantzeko komikia tresna erraza eta baliagarria izan litekeela iruditu zitzaion».

2015eko Galtzakomik lehiaketako komiki irabazlea, 12 eta 16 urte artekoen sailean: 'Emma Show', helene Alijostesena.

«Euskal Herriko txoko guztietatik» jasotzen dituzte lanak urtero, eta, teknikariaren hitzetan, «aukera paregabea» izaten da euskarazko istorioak komiki bihurtzen dituzten artista gazte eta helduentzat. «Gure eskualdetik jasotzen ditugu lanik gehienak, proiektua hemengo ikastetxeetan lantzen baitugu. Gure kasuan, ikastetxeetan komikia tresna modura erabiltzera animatzen ditugu denak, lantzen ari diren hura komikien bidez landu dezaten».

Lau mailatan banatuta

Lehiaketako parte hartzailerik aktiboenak «gazteak» izaten direla esan du Lahidalgak, «nahiz eta helduen parte hartzea ere handia izan ohi den». Aurten ere, adina kontuan hartuta, lau maila izango ditu lehiaketak: 9 urtera artekoena —2014an jaiotakoak barne; 10 eta 12 urte bitartekoena 2011n eta 2013an jaiotakoak barne; 13 eta 16 urte bitartekoena 2007an eta 2010ean jaiotakoak barne; eta 17 urtetik gorakoena 2006an jaiotakoak barne.

Kopuruari dagokionez, azken urteotan «gora» egin duela adierazi du Lahidalgak: «Oso lan onak jaso izan ditugu hasieratik, harrituta uzteko moduko marrazki eta istorioak. Berrehun lan baino gehiago jaso izan ditugu, eta urte batean hirurehun lan ere jaso genituen».

2021eko Galtzakomik lehiaketako komiki irabazlea, 17 urtetik gorakoen mailan: ''Gaurko menu', Libe Carballo Aranbururena.

Lan horiek «bakarka edo taldean» aurkez daitezke, eta komikiek landu beharreko gaia «librea» izaten da normalean, norberak aukeratutakoa. «Lehiaketaren hamargarren aldian bakarrik zehaztu genuen gaia», esan du Lahidalgak. «Zenbaki borobila zenez, omenaldi moduko bat egin nahi izan genion Juan Bautista Berasategi hil berri zenari, urte batean lehiaketako epaimahaikide lanak egin baitzituen«. Kalabaza tripontzia da Bautistaren lan ezagunetako bat. «Eta gai hori jarri genuen urte hartan, haren omenez». 2018an, Euskaraldiaren lehen urtean, egitasmo hori izan zuten gai nagusi, eta, iaz Kilometroak jaia Ibarran ospatu zutenez, Irribarra zehaztu zuten gai nagusi gisa.

Aurten, berrikuntza moduan, saritutako hamabost lanetako batek bere komikia Denonartean argitaletxearekin argitaratzeko aukera izango duela jakinarazi du Lahidalgak: «Aukera paregabea iruditzen zaigu komikigintzan edo marrazkigintzan bidea egiteko gogoz dagoenak bere lana ezagutarazteko abagunea izatea». Aurten, gainera, herria girotze aldera, azken aldietako lan sarituekin apainduko dituzte Ibarrako erakusleihoak.

 

2015eko Galtzakomik lehiaketarako komiki garailea, 17 urtetik gorakoen mailan: 'Demokrakzia', Eñaut Aiertzaguenarena.

Horrez gain, komiki lehiaketaren hamabosgarren urteurrena ospatzeko, azken bi urteetan saritutako lanak liburuxka batean bildu zituzten urte hasieran. 22 lan jaso zituzten guztira, eta lau ataletan banatu zuten liburuxka; adina kontuan hartuta, maila bakoitzeko lehenengo saria, bigarrena eta Ibarrako onenaren lanak agertzen dira liburuxkan. Ekinbide horrek jarraipena izango du aurrerantzean ere; ondo bidean, bi urtean behin kaleratuko dute liburuxka.

Hiru epaimahaikide

Galtzaundi euskara taldearen webgunean daude komikiek bete beharreko baldintza teknikoak eta lehiaketaren oinarriak —Galtzaundi.eus—. «Lanak baloratu ahal izateko, ezinbestekoa da baldintza horiek betetzea». Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaileak, Yurre Ugarte idazleak eta Joseba Larretxe Josevisky arkitekto eta komikigileak osatuko dute aurtengo epaimahaia.

Behin lan guztiak jasota eta denak aztertuta, abenduaren 15ean egingo dute Galtzakomik lehiaketaren sari banaketa, Ibarrako kultur etxean, 19:00etan. Saria lan batzuek bakarrik jasoko badute ere, aurtengo lehiaketan aurkeztutako lan guztiak egongo dira ikusgai Ibarrako kultur etxean, abenduaren 29ra bitarte. Mahala baserriko produktuak zozkatuko dituzte sari nagusirik irabazten ez duten parte hartzaileen artean.

Erreportaje hau Gipuzkoako Hitzan argitaratu da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!