Ibarrako PSE-EEk babesleku klimatikoak sortzea proposatuko du

Ataria 2023ko azaroaren 9a

Ibarrako PSE-EEk mozio bat aurkeztuko du azaroaren 16an egingo den osoko bilkuran babesleku klimatikoak sortzea eta udalerriko espazio publikoak birnaturalizatzea proposatzeko.

Fernando Narciso bozeramaileak adierazi duenez, «2023ko udan gure lurraldea astindu duten bero-bolada gogorren lekuko izan gara, eta ezin dugu ahaztu muturreko gertaera horiek klima-aldaketarekin lotuta daudela. Zientzialariek hamarkadak daramatzate horren gainean arreta jartzen, baita inpaktuek gure egunerokotasunean duten maiztasunaren hazkundearen gainean ere». Hori dela eta, mozioa aurkeztuko du Ibarran hainbat neurri hartzeko eskatuz: udalerriko azpiegitura berdeari buruzko azterlan bat egitea eta udalerriko gune grisenetan birnaturalizazioa sustatzea; bero handia egiten duenerako aterpe klimatiko gisa erabili daitezkeen kanpoko zein barruko espazioak egokitzea; zuhaitzik edo eguzki-babesik ez dagoen lekuetan eta eremu gris gehiegi dauden lekuetan herritarren osasuna babesteko neurriak hartzea; eta eskolako jolastokiaren eraldaketa sustatzea leku inklusiboagoa, jasangarriagoa eta naturalizatuagoa sortzeko.

Bozeramaile sozialistaren ustez neurri horiek «erronka handia» ekartzen badute ere, Ibarra «klima-aldaketaren aurkako borroka eta horretara» egokitzea da helburua.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!