Bi mendi ibilbide aukeran, Ibarrako inguruak ezagutzeko

Ataria 2023ko urriaren 18a

Bidetxur Mendi Klubak Ibarrako III. Mendi Martxa antolatu du igande honetarako, urriak 22. Bi ibilbide izango dira aukeran mendizaleentzat: luzeak 37 kilometro izango ditu eta motzak 20 kilometro.

Ibilbide luzean 1.000 eskailerak igotzeko aukera izango dute parte hartzaileek, eta bi ibilbideetan Uzturreko tontorra izango da punturik altuena.  

Hasiera batean ibilbide luzea 33 kilometrokoa zen, baina moldatu egin dute eta beste lau kilometro erantsi dituzte antolatzaileek. 08:00etan Ibarrako San Bartolome plazatik abiatuta Izaskun auzora joango dira mendizaleak eta ondoren Pisuagatik eta Sorginen zubitik pasako dira. 1.000 eskailerak igo eta Kanaletatik pasa ondoren, Praxkuren Bordatik eta Ijitturen monolitora joango dira. Belabietatik pasako dira eta ondoren Uzturrera igo eta Ibarrara jaitsiko dira. Ibilbide motzekoak 08:30ean abiatuko dira eta hasiera beretsua izango dute, baina lehenago egingo dute Uzturre aldera. Ibarra,  Izaskun auzoa, Pisuaga, Belabieta, Uzturre eta Ibarra izango da egingo duten bidea. 
Ibilbide luzekoek bi anoa puntu izango dituzte ibilbidean zehar eta motzekoek bat. Helmugara iristean ere jan-edana izango dute parte hartzaileek. 

Izena aurretik emateko https://forms.gle/GGH2XU66yj3AA32r6 helbidean sartu eta galdetegia bete behar da. Horretarako epea ostiralean, urriak 20, 23:00etan bukatuko da. Nahiz eta izena Internet bidez eman, ordainketa martxaren egunean egingo da 07:30etik aurrera. Bost euro ordainduko dute aurretik izena ematen dutenek. Egunean bertan ere izena eman daiteke eta orduan parte hartzaileek 10 euro ordainduko dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!