Herritarrak euskarara gerturatzeko Auzoko saioak jarri dituzte martxan, Ibarran

Ataria 2023ko urr. 16a, 11:58

Ostegunetan bi orduko saio irekiak antolatuko dituzte Kultur Etxean, dinamika eta jolasen bitartez partaideen arteko harremanak sustatu eta bizikidetzarako espazioak sortzeko. Ostegun honetan izango da lehenengoa.

Galtzaundi Euskara Taldeak eta Ibarrako Udalak elkarlanean euskara mundura zabaltzeko Auzoko egitasmoa abiatu dute, Euskaltzaleen Topagunearekin elkarlanean. Euskara herriko komunikazio eta kohesiorako hizkuntza izateko bidean, Ibarrara iritsi berri diren edota euskaratik urrun bizi diren herritarrei hizkuntzara gerturatzeko aukera eskaintzen die proiektuak.

Helburu horrekin, astero bi ordu inguruko saio irekiak egingo dituzte ostegunetan, 17:00etatik 19:00etara, Ibarrako Kultur Etxean, eta ostegunean izango dute lehen hitzordua. Bertan, dinamika eta jolasen bitartez, jatorri ezberdinetako partaideek elkar ezagutu eta oinarrizko hitz eta esamoldeak landuko dira euskaraz. Herritarrak, aniztasuna eta euskara erdigunean jarrita, bizikidetzarako une eta espazioak sortzea da proiektuaren gakoa.

Bi dira egitasmoaren baitan bat egiten duten profilak; batetik, herrira etorri berriak edota herrian bizi diren eta orain arte euskararekin harremanik izan ez dutenak, eta, bestetik, euskal hiztunak. Aniztasunaren zubiak eraikitzea erantzukizun partekatua da Auzokon, eta horregatik, euskal hiztunen parte hartze aktiboa garrantzitsua dela adierazi dute antolatzaileek.

Auzoko egitasmoan parte hartu nahi dutenek, zuzenean ostegunetako saioetara azaltzeko aukera dute. Hala ere, aurretik Auzokoko dinamizatzailearekin harremanetan jarri nahi duenak, galtzaundi@galtzaundi.eus helbidera idatzi edo 943 655 004 zenbakira deitu dezake. Halaber, nahiago izatekotan, herritarrek online formularioa ere eskuragarri dute www.galtzaundi.eus webgunean eta Ibarrako udalaren webgunean. Informazio gehiago behar izanez gero, Ibarrako Udalera ere jo daiteke.

Sarea josiz

Ikasturtez ikasturte, Auzokoren sarea sendotuz eta egonkortuz doa, eta aurten Euskal Herriko hamazazpi herritan egongo dira martxan xede-talde ezberdinei zuzendutako proiektuak. Zehazki, Auzoko egitasmoa Aretxabaleta, Arrasate, Donostia, Eskoriatza, Gasteiz, Ibarra, Oñati eta Soraluzera iritsiko da. Azken herri honek, Elgoibar, Urkabuskaiz eta Legutiorekin batera, familiak batzen dituen Auzoko Familiak aldaera ere eramango du aurrera, eta, azkenik, Nafarroan kokatuko da nagusiki haurrentzako Auzoko Lagunak ekimena. Hain zuzen ere, Bera, Lesaka, Etxarri-Aranatz, Leitza, Goizueta eta Donezteben sortu dira taldeak.

Zubigileen bilgune izateko asmo horretan, gainera, ezinbestekoa dute Auzoko herrietako taldeek urtean zehar bertako eragileekin aliantzak sortzeko eta indartzeko elkarlana, euskararen biziberritze prozesuaren baitan elkarri eskain diezaioketena partekatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!