Ibarrako Kirol Elkartearen ospakizuna, asteburuan

Ataria 2023ko urr. 16a, 07:56

Larunbatean eta igandean ekitaldi ugariz gozatzeko aukera izango da Ibarran, herriko kirol elkartearen 57. urteurren festa ospatzeko.

Ibarrako Kirol Elkartearen 57. urteurrena ospatuko dute asteburu honetan Ibarran, eta urteroko moduan festan murgilduko dira. Horretarako, egitarau zabala antolatu dute asteburu honetarako. Larunbatean, dultzaineroekin hasiko dute eguna, eta 11:00etan Ibarra Kirol Elkartean bilduko dira trikitilariekin batera kalejira egiteko. Txumitxan hamaiketakoa egin ostean, 11:30ak aldera poteoan ibiliko dira, herrian zehar, bazkalordura arte. Bazkaria elkartean bertan egingo dute.

Mezarekin hasiko dute igandeko eguna, San Bartolome parrokian. Mezaren ostean, bola eta toka txapelketa jokatuko dute 10:30tan hasita, Emeterio Arrese parkean. Kategoria ugari izango dira jokoan; gizonezkoak, emakumezkoak eta 18 urte azpikoen kategoria, besteak beste. Lehen hiru sailkatuek produktu sorta edo herrian bertan kontsumitzeko balea lortuko dute. Elkarteko bazkideen partaidetza bultzatzearren ere sariak banatuko dituztela jakinarazi dute antolatzaileek.

Bola eta toka txapelketan parte hartu nahi dutenek egunean bertan eman beharko dute izena, 10:30etatik 12:00tara, elkartean. Antolatzaileek herritarrak animatu dituzte txapelketan bertan parte hartzera, eta gaur  bolan eta tokan entrenatzeko aukera izango dela jakinarazi dute, 17:00etatik aurrera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!