Italiako gazteek euskal ohiturak ezagutu dituzte Ibarran

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko urriaren 12a

Ibarrako Udalak harrera egin die elkartruke programan parte hartzen ari diren Italiako, Oñatiko eta Ibarrako 45 gazteei. Ondoren, bertako kirolak eta dantzak ezagutu dituzte.

Cultural Shake Erasmus+ proiektu europarrari hasiera eman zioten asteartean, Zarauzko Igerain aterpetxean. Bertan, Italiako, Oñatiko eta Ibarrako 45 gazte eta hezitzaile elkartu ziren kulturartekotasunaren inguruan jarduteko. Gipuzkoan gauzatzen ari diren gazte elkartrukea igandera arte luzatuko da.

Gaur, esaterako, eskualdean daude gazteak. Ibarrako Udalak harrera egin die goizean, eta ondoren, hainbat tailerretan parte hartu dute. Herriko elkarte eta taldeen laguntzarekin, euskal kirolak eta dantzak ezagutu dituzte. Ondoren, Gazte Zulo zerbitzuko gurasoek jatorri ezberdineko jakien dastaketa gastronomikoa eskaini diete. Arratsaldean, Tolosako Topic txotxongiloen museoa bisitatuko dute eta Hi selfie jarduera burutuko dute kaleetan zehar.

Atzo, esaterako, Oñatin igaro zuten eguna. Goizean goiz Arantzazuko santutegia bisitatu zuten, eguerdian Oñatiko Udalak harrera egin zien, eta ondoren, Oñatiko gaztelekua bisitatu zuten. Arratsaldean Larraña errefuxiatuen etxea bisitatu zuten eta bertan dauden pertsonen bizipenak eta esperientziak ezagutzeko aukera izan zuten. Igandera bitarte, hamaika jardueraz eta esperientziaz gozatuko dute proiektuan parte hartzen ari diren gazteek. Besteak beste, Getariara eta Donostiara joango dira gazteak.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!