Ibarra eta Oñatiko ordezkariak, Italiako Polpenazze del Garda herrian

Ataria 2023ko urriaren 6a

Ibarrako Gaztezulo zerbitzuak Europako Erasmus+ proiektuan parte hartuko du, lehen aldiz, eta proiektuaren barruan Ibarrako Kultura eta Gazteria teknikaria den Nekane Azurmendi izan da Polpenazze del Garda herrian, elkartrukearen azken kontuak zehazteko.

Ibarrako teknikaria, Oñatiko Udal Gazteria teknikari den Ion Lopez eta Bedizzoleko Arcus Arte e Cultura Sociale elkarteko koordinatzaile teknikoa den Irene Calzonare bildu dira Polpenazze del Garda (Brescia-Italia) herrian. Topaketan, besteak beste,  hilaren 10etik 15era bitarte egingo duten gazte elkartrukearen azken zehaztapenak adostu dituzte. Abenduan Ibarra eta Oñatiko gazteek Italiara egingo duten bidaiaren inguruko hainbat gauza adosteaz gain, egonaldia burutuko den aterpetxea zein den eta inguruak ezagutzeko aukera izan dute teknikari gipuzkoarrek.

Hain zuzen, Garda laku ezagunaren bueltan dagoen Manerba del Garda herrian izango dira Oñati eta Ibarrako gazteak datorren abenduan. Teknikariek azaldu dute kulturartekotasuna oinarri duen Cultural Shake Erasmus+ proiektuarekin jatorri soziokultural eta ingurune ezberdinetako gazteek elkarren artean jardun eta elkarrengandik ikasi dezaten nahi dela. Datorren asteartean, urriak 10, Ibarra, Oñati eta Bedizzoleko 45 gazte eta hezitzaile elkartuko dira Gipuzkoan Cultural Shake proiektuari dagokion bost eguneko elkartrukea burutzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!