Aterruneetako saltoak, kuadrillaz gozatzeko

Irati Saizar Artola 2023ko abu. 27a, 13:33

Azken eguna dute gaurkoa Ibarran; kuadrilla eguna ari dira ospatzen, eguraldi traketsarekin, baina gustura.

Aurten ere kuadrilla bat gehiago batu zaio Ibarrako kuadrilla egunari. Ohiturari jarraituz, plazan elkartu dira kuadrilla guztiak eta kuadrilla berriari ongi etorria egin diete beste guztiek. Oañe badeu lagun taldea, blusak soinean edota gerrian, udaletxe parean elkartu da eta xanpaina freskoaren txin-txin egin dutenean, beste guztiekin batera kalejiran murgildu da.

Eta ohiturak ohitura, Bonberenea txarangarekin eta Giroarte dultzaina taldearekin ekin diote kalez kale ibiltzeari. Aurten, berrikuntza batekin etorri da, ordea. Piparrak kuadrillak 42 urte daramatza kuadrilla egunean tomate freskoa eta piperrak banatzen, gurdi moduko bat hartuta, bada, aurten, Zuzenik ez kuadrillari erreleboa pasa dio, eta aurrerantzean kuadrilla berria arduratuko da piperrak eta tomatea banatzeaz. 

Hala, ez dira falta urteroko sardina erreak, ezta kalimotxoa ere. Zenbait kuadrillek denentzako adina banatu dute, kalejiran ibili bitartean. Hori bai, eguraldiak utzi dietenetan aprobetxatu dute goiza, izan ere, euri zaparrada mardulak bota ditu tarteka. Batzuek hala zioten: «Festa hauetan armairu osoa hustu behar izan dugu, bero egin duenerako zerbait freskoa eta gaurkorako ba...». Aterruneak aprobetxatuz eta musikaren laguntzaz, kalejira giro ederrean egin dute. Hori bai, euri zaparrak hasi orduko balkoi azpietara ezkutatu dira den-denak.

Hona hemen datozen orduetarako egitaraua:

  • 14:30. Kuadrillen bazkaria Etxea nitxek kuadrillak antolatuta, Emeterio Arrese parkean.
  • 17:30. DJ Bull, herrian zehar kalejiran.
  • 18:00. Sokadun bigantxak 16 urtetik gorakoentzat, Beheko Bideko zelaian.
  • 22:30. Zezensuzkoa, San Bartolome plazan.
  • 23:00. Muxutruk taldearekin dantzaldia, San Bartolome plazan.
  • 00:00. Desfasatuak kuadrillak piperra osasun etxetik San Bartolome plazaraino eramango du, eta ondoren erre egingo dute.
  • Ondoren. Muxutruk taldearekin dantzaldia izango da, San Bartolome plazan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!