Martxan da Ibarrako San Bartolome jaietako kartel lehiaketa

Ataria 2023ko maiatzaren 9a

16 urtetik gorako edonork aurkeztu ahal izango ditu lanak, gehienez bi; ekainaren 16ko 13:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira, Ibarrako kultur etxean.

Ibarrako Udalak 2023ko Ibarrako jaietako esku-programaren azala eta kartela aukeratzeko lehiaketa antolatu du. 16 urtetik gorako edonork aurkeztu ahal izango ditu lanak, gehienez bi. Ibarrako jaiak 2023 testua izan beharko dute lan guztiek, ondo nabarmenduta. Horrez gain, Ibarrako jaiekin zerikusia duen ezaugarriren bat edota irudiren bat jaso eta adierazi beharko da. «Generoaren irudikapenean erabilitako irudiek oreka bilatuko dute, rol eta estereotipo tradizionalak azpimarratu gabe, eta sexu, arraza, adin, kultura edo sexu-aukeren arloan diferentzien tratamendu gutxiesgarria ekidinez», adierazi dute antolatzaileek.

Tamainari dagokionez, esku-programaren azalak 21x21 zentimetroko neurria izango du. Diseinua neurri horietan edo neurri horien proportzioan aurkeztu beharko da. Kolorea eta teknika aukerakoa izango da. Aukeratutako teknika edozein delarik ere, diseinua paperean edo euskarri gogor batean aurkeztu beharko da aurrez aipatutako tamainan edo horien proportzioan. Formatu digitalean ere aurkeztu beharko da (JPG formatuan eta gutxienez 300 ppp-ko erresoluzioa izan beharko du).

Aurkezten diren lanak originalak eta beste inon aurkeztu gabeak izan behar dute. Ekainaren 16ko 13:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira, Ibarrako kultur etxean. Aurkezten den lanarekin batera, eta kartazal itxi baten barnean, egilearen datuak sartu beharko dira (izen-abizenak, helbidea, NAN zenbakia, adina eta telefonoa). Kartazalaren kanpoaldean eta aurkezten den lanaren atzealdean goitizena idatzi beharko da.

Epaimahaia 5 lagunek osatuko dute eta bere erabakia apelaezina izango da. Irabazleak, jaietako esku-programaren azaleko irudiaren egilea izateaz gain, 300 euroko saria jasoko du. Saririk irabazten ez duten lan originalak aurkeztu ziren lekuan bertan jaso ahal izango dira uztailaren 17tik 21era bitartean, 9:00etatik 13:00etara. Epe horretan jasotzen ez direnekin udalak erabakiko du zer egin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!