Unai Iribar txirrindulari ibartarrak lehenengo aldiz parte hartuko du Itzulian, proban horretan parte hartzeko hautatu baitu Euskaltel-Euskadi taldeak. «Pozik nago aukera hau eman didatelako», esan du Iribarrek. «Denboraldi hasieratik azaldu zidaten Itzulian parte hartzeko aukera izango nuela, maila txukun bat ematen banuen, eta azkenean horrela izan da».
Aurreko urtean Donostia Klasikoan parte hartzeko aukera izan zuen, baina Itzulian ez. «Biak World Tour mailakoak dira, eta iaz Klasikoa ezagutzeko aukera izan nuen, eta aurtengoan Itzulia ezagutuko dut», esan du ibartarrak. «Aurten, gainera, Espainiako Vueltan ez du parte hartuko Euskaltel-Euskadik, ez delako gonbidatua izan, eta, beraz, Itzulia eta Donostiako Klasikoa dira taldearen aurtengo proba garrantzitsuenak, eta horietako batean izatea pozik egoteko modukoa da».
Apirilaren 3tik 8ra izango da Itzulia, eta Iribarrentzat lehenengo Itzulia izateaz gain, aurtengo proba berezia izango da, hirugarren etapa, apirilaren 5ekoa, Villabonako Hika jatetxean bukatuko baita. Gainera, etaparen zati handi bat eskualdeko errepideetatik igaroko da. «Etapa oso bihurria izango da. Errepide oso estu eta gorabeheratsuetatik pasako gara, eta Hika jatetxeko azken aldapa horrekin, uste dut sailkapen orokorrean lehen aldeak ikusi ahalko direla», esan du Iribarrek. Pare bat aldiz igo du azkenaldian azken aldapa hori, eta «gogorra» dela baieztatu du. «Aurretik ere badaude aldapa gogorrak, eta ez dut uste talde oso handia iritsiko denik azken aldapa horretaraino».
Taldearen eta bere asmoak zein diren galdetuta, «errealistak» izan behar direla azaldu du ibartarrak: «Gu gonbidatutako talde bat gara, talde gehienak World Tour mailakoak dira, maila handiko txirrindulariekin, eta guk jakin behar dugu gure lekua zein den. Noski, borrokatuko dugu, eta protagonismoa izaten saiatuko gara ihesaldietan. Gure anbizio puntua izan behar dugu, eta gure izaera lehiakorra erakusten saiatuko gara».