Itzulian izateko aukera handiak ditu Unai Iribarrek

Ataria 2023ko martxoaren 23a

Euskaltel-Euskadi taldeak behin behineko zerrendan sartu du txirrindulari ibartarra. Iribarrek lehen aldiz parte hartuko luke bertako proba garrantzitsuenean.

Bigarren denboraldia betetzen ari da Unai Iribar profesionaletan, Euskaltel-Euskadi taldean, eta aurtengoan Itzulian parte hartzeko aukera iritsi zaio. Apirilaren 3an hasi eta 8an bukatuko da txirrindulari proba, guztira sei etapekin. Hirugarren etapa, apirilaren 5ekoa, Errenterian hasi eta Villabonan bukatuko da, Hika jatetxean.

Gaur egin da Eibarren Itzuliaren aurkezpen ofiziala, eta parte hartzaileen behin behineko zerrendaren berri eman dute. Tropeleko hainbat izen handi izango direla espero da, tartean Daniel Felipe Martinez (Ineos Grenadiers) iazko irabazlea eta Jonas Vingegaard (Jumbo-Visma) Tourreko azken irabazlea. Horiez gain beste txirrindulari hauek daude oraingoz zerrendan: Richard Carapaz (EF Education – Easypost), Enric Mas (Movistar Team), David Gaudu (Groupama-FDF), Adam Yates, Juan Ayuso eta Brandon Mcnulty (UAE Team Emirates), Egan Bernal eta Carlos Rodriguez (Ineos Grenadiers), Ion Izagirre (Cofidis), Mikel Landa eta Peio Bilbao (Bahrain Victorious), eta Simon Yates (Team Jayco Alula).

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!