Beste brontzezko domina bat Ibarrarentzat

Tolosaldeko Ataria 2023ko mar. 9a, 18:15
Ibarra Sokatira Taldekoak, 540 kiloko mailan lortutako brontzezko domina ospatzen.

Munduko Sokatira Txapelketaren bigarren jardunaldia dago gaur jokoan, eta emakumezkoen 540 kilotan lortu dute Ibarrakoek hirugarren postua.

Guztira sei talde aritu dira lehian kategoria horretan, horietatik lau euskaldunak. Txinatarren eta Beti Gazteren aurkako tiraldiak izan ezik, beste guztiak irabazi ditu Ibarrak. Hirugarren postuaren lehian Gaztedirekin neurtu dira ibartarrak. «Oso ondo aritu dira Gaztedikoak, baina gu ere oso ondo aritu gara eta dena emanez hirugarren postua lortu dugu», azaldu du Andrea Aldazabal prestatzaileak. Ibarra 490 kilo pisatzen zuen zortzikoarekin lehiatu da, eta meritu handiz lortu dute hirugarren postua. «Oso kontentu gaude eta atzoko egunarekin batera oso txapelketa polita egin dugu», gaineratu du Aldazabalek. Lehen sailkatua Txina Ansteel izan da eta bigarren Beti Gazte. Atzo, 500 kiloko mailan, brontzezko domina lortu zuten ere Ibarra Sokatira Taldekoek.

Gaur ere beste maila batean lehiatu dira Ibarra Sokatira Taldekoak, 580 kiloko misto kategorian. Bi talderekin lehiatu dira: Ibarra A taldeak laugarren postua lortu du bere multzoan eta Ibarra B taldeak seigarrena berean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!