Brontzezko domina lortu dute Ibarra taldeko emakumeek Munduko Sokatira Txapelketan

Ataria 2023ko martxoaren 8a

Gaur hasi da Munduko Txapelketa Ipar Irlandako Parkgate herrian, eta Ibarra Sokatira Taldekoek hirugarren postua lortu dute 500 kiloko mailan.

«Oso pozik gaude lortutakoarekin», esan du Andrea Aldazabal taldeko prestatzaileak. 500 kiloko kategorian Txina Taipeiko Jingmei Dai Shi Dai taldea sailkatu da, bigarren Beti Gazte nafarrak, hirugarren Ibarra Sokatira Taldea eta laugarren Txinako Txina Ansteel taldea. «Herbeheretako taldea beste urtetan oso indartsu aritu da, baina bere aurka irabazi dugu eta hor poztu gara. Txinako taldea ere beste urtetan oso indartsua aritu da, eta ez genuen agian esperantza handirik, baina beraien aurka ere irabazi egin dugu». Bederatzi talde aritu dira lehian eta «gogorra eta luzea» izan dela azaldu du Aldazabalek, baina nekatuta egon arren, «oso kontentu» daudela berretsi du.

Ibarrakoek tiraldi guztiak irabazi dituzte, Txina Taipei eta Beti Gazteren aurkakoak izan ezik. Bukaeran, bigarrenak hirugarrenaren aurka, eta lehenengoak laugarrenaren aurka jokatu dute, eta irabazleek urrezko domina lortzeko lehia izan dute. Galtzaileek brontzezko domina izan dute jokoan, eta Ibarrak irabazi du.

Ibarra Sokatira Taldeko mutilak 600 kiloko mailan lehiatu dira. Guztira hamabi parte hartzaile izan dira, sei taldeko bi multzotan banatuta, eta Ibarrakoak laugarren geratu dira bere multzoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!