Piperraren erakustaldia

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko ira. 18a, 17:24

Ibarrako XXII. Azoka izan da Hauspoa elkarteak antolatuta, eta "txikitik hastea" erabaki bazuten ere, goiz borobila osatu dute. Jendeak bikain erantzun du, eta Emeterio Arrese plaza eta inguruak bete dituzte.

Hauspoa elkarteko kideek mimoz antolatu dute Ibarrako XXII. Azoka. Pandemiaren osteko lehena izaki, poliki hasi dira eta gune bakarrean antolatu dute guztia. Emeterio Arrese plaza eta inguruetan era askotako postuak jarri dituzte, eta gauzak erosiz dirua gastatu eta tripa betetzeko aukera izan da. Artisauak, elikagaiak eta erakusketak izan dira. 

Kilometroak festa dela eta, taloak egiten aritu dira, eta boloetan aritzeko aukera ere eduki dute bertaratutakoek.

Horrez gain, jada ezagunak diren bi lehiaketa ere egin dituzte: Ibarrako Piperraren XVI. Lehiaketa Gastronomikoa eta Tolosaldeko XXIV. Ezti Lehiaketa.  

Pintxorik eta gildarik onenak

Ibarrako azokako protagonista nagusia piperra izaten da, eta horri lotuta antolatu du Xepla elkarteak, hamaseigarrenez, Ibarrako Piperraren Lehiaketa Gastronomikoa.

Pintxorik onena, eta beraz, txapela jantzi dutenak Patxi Lago eta Jesus Orcajo izan dira, Loiolatarra elkartekoak. Bigarren saria Juan Jose Ijurko eta Xabier Mendizabalentzat izan da Donostiako Zubimusuren izenean, eta hirugarren postuan sailkatu dira, Asier Artola eta Emiliano Gonzalez, Xepla elkartekoak.

Prestatu duten gildarik onena, berriz, Ibon Estivariz eta Javier Vicentek eginikoa izan da, Langostino moto elkartearen izenean. Bigarren postua lortu dute Ilunpe Donostia elkarteko Tomas Nuñez eta Juan Manuel Irigoyenek, eta hirugarren gildarik onena Fermin Zubillaga eta Yippik egin dute, Txumitxaren izenean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!