EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota ditu Fremap mutualitateak eta Fudike enpresak jarritako helegiteak

Ataria 2022ko ira. 13a, 16:59

Donostiako Gizarte Arloko 2. epaitegiak 2017an hil zen Jose Manuel M.A.-ren heriotza eragin zuen biriketako minbizia lanaren eraginez sortu zitzaiola ebatzi zuen iaz. Fremap mutualitateak eta Fudike enpresak helegiteak jarri zituzten erabaki horren aurka.

EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota ditu Fremap mutualitateak eta Fudike enpresak Donostiako Gizarte Arloko 2. epaitegiak ezarritako sententziari jarritako helegiteak. Aurrez, Gizarte Segurantza Institutu Nazionalak Jose Manuel M.A. langileak zuen gaixotasuna lanean arnastutako amiantoak eragindakoa zela ebatzi zuen. Asviamiek (Amiantoaren Euskadiko biktimen elkarteak) azaldu duenez, langileak zenbait hamarkadaz lan egin zuen amiantoarekin, silize-kristalinoarekin, hidrokarburo aromatikoekin eta ke metalikoekin. Hala ere, erabaki horri helegitea aurkeztu zion Fremap mutualitateak eta Fudike, Ceosa eta Telleria galdarategiek eta Norton And Willow enpresak. Helegite hori ere atzera bota zuen Donostiako Gizarte Arloko 2. epaitegiak.

Langilea 1973tik 1992ra aritu zen lanean garai bateko Tolosan zegoen Telleria galdarategian eta 1992tik 2017ra Ibarrako Fudike enpresan jarraitu zuen ondoren. 2016ko ekainean diagnostikatu zioten minbizia Donostia Ospitalean eta 2017ko apirilean hil zen. 2017an txosten bat kaleratu zuen Osalanek, langilea amiantozko zuntzekin lanean aritu zela adieraziz, gutxienez, Telleria galdategian. Aldi berean, Fudike enpresan silizioarekin eta ke metalikoarekin lan egin zuela egiaztatu zuen. Arrazoi horrengatik, amiantoarekin lan egiten zuten langileen zerrendan sartu zuen Osalanek. Igualatorio Mediko Kirurgikoko (IMQ) Prebentzio Zerbitzuak ere adierazi zuen silize-kristalinoarekin eta bestelako kimiko kutsagarriekin lan egin zuela.

Beranduago, langilearen alargunak, sindikatuek hala aholkatuta, bere bikotearen heriotza gaixotasun profesionalak eragindakoa izan zela aitortzeko eskatu zuen. 2019ko maiatzean onartu zuen Gizarte Segurantza Institutu Nazionalak langileak zuen gaixotasuna lanak eragindakoa zela, eta beraz, alargunak jaso beharreko saria igotzea hobetsi zuen. Fudike, Ceosa eta Telleria galdarategiek eta Norton And Willow enpresak helegitea jarri zuten langileak gaixotasuna erretzailea zelako garatu zuela argudiatuz, baina Asviamiek adierazi zuenez, EAE-ko Auzitegi Nagusiak ez zuen errekurtsoa onartu.

Fremap mutualitateak errekurtsoa jarri zuen, eta ukatu egin zuen hildako langilea amiantoaren eraginpean egon zela 2008tik aurrera (urte horretan hartu zuen bere gain kontingentziaren kudeaketa), baina atzera bota zuten errekurtso hori. Era berean, Fudike SLU enpresak lanbide-gaixotasunaren ebazpenaren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen. Donostiako Gizarte Arloko 2. epaitegiaren epaiak bi errekurtsoak gaitzetsi zituen, gaixotasun profesionala heriotzaren kausa gisa berretsiz, eta egiaztatutzat eman zuen Telleria galdategian amiantoaren eraginpean egoteaz gain, langileak silize-kristalinoarekiko eta beste kantzerigeno batzuekiko esposizio handia izan zuela Fudike SLU-n.

Fudike SLU enpresak epai horren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen, gaixotasunaren jatorri komunean azpimarra jarriz, eta beraz, baita alarguntza-pentsioan ere. Baina, ez zuten onartu. "Amiantoaren ondoriozko gaixotasuna ezin dela kalifikatu planteatu dute, eta geroago silizearen eraginpean egoteagatik, amiantoaren eraginpean egotera mugatu behar dela eskatu dute, esposizio hori ez zuelako jasan Fudike SLU enpresan lan eginez. Enpresaren erantzukizuna aldatuko luke horrek, Telleria galdategia eta Fudike SLU enpresen artean ez baitago ondorengotzarik", esan dute Asviamietik.

Argudio hori baztertu egin zuten, izan ere, prozesuaren hasieratik ezagutzen zen langilea Amiantoaren, Kromoaren silizearen eta kearen eta Nikelen eraginpean egon zela, izaera kantzerigenoko beste toxiko batzuen artean, eta ez zuen garrantzirik eskaeran, prozeduraren hasieran, alegatu ez izanak. Administrazio-prozesuak, gainera, Jose Manuelen silize-kristalinoaren esposizio garrantzitsua jasotzen zuen, gaixotu arte pairatu zuena. Fudike SLU enpresak berriro azpimarratu zuen hildakoaren tabako-ohitura eta BGBK (Biriketako Gaixotasun Butxatzaile Kronikoa) zuela, prebentziozko erantzukizuna saihesten saiatu zelarik.

Fremapek adierazi zuen biriketako minbizia, Fudiken egindako lanari dagokionez, ezin zela gaixotasun profesional gisa kalifikatu, 2017an hil baitzen, eta silizeak eragindako biriketako minbizia 2018an gehitu zela. Azkenik, Fremapek adierazi zuen gaixotasun hori lotuta dagoela meategietako lanekin, tunelekin eta harribitxietako zenbait jarduerarekin. "1299/2006 Dekretuak silizearen eraginpean dauden jarduera guztiak ez jasotzea, Industria Siderometalurgikoaren kasuan bezala, ezin da oztopo izan, eta hori aitortzeko nahikoa jurisprudentzia dago", nabarmendu dute Asviamietik.

Horrenbestez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota ditu Fudike SLU enpresak eta Fremap mutualitateak jarritako erregutze-errekurtsoak, eta berretsi egin du Donostiako Gizarte Arloko 2. Epaitegiaren epaia. Horrela, errekurtso-egileei ezarri dizkie errekurtsoen kostuak, kontra-partearen abokatuaren ordainsariak barne, 500 eurorekin errekurtso bakoitzean.

Asviamie pozik agertu da EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiarekin: "Beste behin ere, Fremap eta Fudike SLU-ren baliabideak zapuztu ditu, prebentziozko arau-hausteen erantzukizuna saihestu nahian. Era guztietako amarruak erabiliz, minbizi profesionalaren jatorria ezkutatzen saiatu dira, bai eta amiantoarekiko, silize kristalinoarekiko, ke metalikoekiko eta hidrokarburo aromatikoekiko esposizioaren aurrean enpresak hartutako prebentzio-neurriak ez betetzea ere".

Azkenik, Asviamiek iruzurtzat jo du Fremap mutualitatearen jarrera: "Galdaketan substantzia kantzerigeno ugarien aurrean prebentzio-neurriak sustatzetik urrun, langileen kuotetatik eratorritako baliabideak erabiltzen ditu, enpresen iruzurrak eta ez-betetzeak langileen osasunaren beharrezko babesari ezkutatzeko. Europako Batzordeak, datozen urteetarako Laneko Segurtasun eta Osasunerako Estrategian, minbizia aipatu du Europako laneko heriotzen %52ren arrazoi nagusitzat; beraz, prebentzioarekin inplikatzeko garaia da, guztion onerako".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!