Amiantoak sortutako heriotza bati jarritako helegitea epaituko dute bihar

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 30a, 09:50

2017an hil zen Jose Manuel M.A.ren biriketako minbizia lanaren eraginez sortu ote zitzaion epaituko dute bihar, Donostiako Gizarte Arloko 2. epaitegian. Gizarte Segurantza Institutu Nazionalak langileak zuen gaixotasuna lanean arnastutako amiantoak eragindakoa zela ebatzi zuen, baina erabaki horri helegitea aurkeztu zion Fremap mutualitateak eta Fudike, Ceosa eta Telleria galdarategiek eta Norton And Willow enpresak.

Langilea 1973. urtean hasi zen lanean orduan Tolosan zegoen Telleria galdategian eta Fudike enpresan jarraitu zuen ondoren. 2016an diagnostikatu zioten minbizia Donostia Ospitalean eta 2017an hil zen. 2019ko maiatzean onartu zuen Gizarte Segurantza Institutu Nazionalak langileak zuen gaixotasuna lanak eragindakoa zela eta beraz alargunak jaso beharreko saria igotzea hobetsi zuen.  Fudike, Ceosa eta Telleria galdarategiek eta Norton And Willow enpresak helegitea jarri dute langileak gaixotasuna erretzailea zelako garatu zuela argudiatuz.

Osalanek gaia aztertu du eta Asviamie elkarteak azaldu duenez, txostenean jaso du posible dela Jose Manuel M.A. langileak amianto zuntzak arnastu izana, gutxienez Tolosako Telleria galdategian. "Fremap.ek eta enpresak zalantzan jartzen dute langileak minbizia sortzen duten substantziak arnastu izana, eta bere heriotza erretzailea izateari egotzi nahi izan diote, horrela euren erantzukizunari muzin eginaz eta lanean sortutako minbiziaren ondorioz hil zen beste langile baten kasua ezkutatuz", esan du amiantoaren biktimen taldeak. Egoera salatzeko elkarteak elkarretaratzea egingo du bihar, 09:40ean Donostiako epaitegien aurrean. Hildako langilearen familiari babesa azalduko diote eta Fremap mutualitatearen eta galdategia izan duten ondorengo enpresek jarritako helegitea salatuko dute. Era berean, amiantoaren biktima izan direnei zuzendutako konpentsazio funts bat sortzeko eskatuko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!