Kuadrillen eguna egun berezia izaten da edozein herritan, baita Ibarran ere. Aurtengoa, oso berezia da. Bi urtez eguna behar bezala ospatu ezinik ibili eta gero, aurten berriro elkartu dira herriko kuadrillak plazan, eta kuadrilla berriei ongi etorria egin ondoren, guztiak batera joan dira herriko kaleetan, musikaren laguntzaz.
Kalejirari ekin aurretik, baina, mezu bat grabatu nahi izan dute Izarne Sarasolarentzat. Realeko jokalari ibartarra ez dago herrian. Aurten ezin izan du sanbartolomeetan festaren parte izan, baina bestelako esperientzia bat bizitzen ari da ozeanoaren beste aldean. Costa Rican dago, 20 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin Munduko Kopa jokatzen.
Atzo goizaldean jokatu zuen finalerdia Espainiak Herbeheren aurka. 2 eta 1 nagusitu zen Sarasolaren taldea, eta ondorioz, finalerako txartela lortu zuen. Ibartarrak azken minutuak jokatzeko aukera izan zuen, 83. minutuan zelairatu baitzen. Beste finalerdia ere 2 eta 1eko emaitzarekin amaitu zen. Kasu honetan, Japoniak Brasil menderatu zuen, eta beraz, asiarrak izango dira Espainiako selekzioaren aurkariak etziko finalean.