Ibarrako jaiak 2022

Azken orduak, kuadrilla artean

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko abuztuaren 27a

Kuadrillen Eguna ospatzen ari dira gaur Ibarrako San Bartolome festetan; herritar ugari bildu da goizean plazan, kuadrilla berriei ongi etorria eman ondoren eta elkarrekin bazkaldu aurretik, musikaz lagunduta kalejiran joateko.

Ibarrako festen barruan, beti izaten da egun handia Kuadrillen Eguna, beste edozein herritan bezala. Ibarran, gainera, jaietako azken egunean ospatzen dute. Aurten, bi urtez ospatu ezinik egon ondoren, berriz elkartu dira herritarrak plazan, eta ohitura den moduan, ongi etorria eman diete kuadrilla berriei, kasu honetan, gazteenei. Katxiporretak, Eztokalik eta Patxaran izan dira aurten festara batu diren lagun taldeak. Beraiek zabaldu dituzte udaletxe azpian xanpain botilak, egunari hasiera emateko; Sardinerak kuadrillako kideen bedeinkapena ere jaso dute.

Behin egunari hasiera emanda, Izarne Sarasola herritarrari mezua bidaltzeko unea heldu da. 20 urtez azpiko Munduko Kopa jokatzen ari da Costa Rican Espainiako selekzioarekin, eta bihartik astelehenerako gauean finala jokatuko duenez, herritarrek animoak bidali nahi izan dizkiote.

Animo mezuaren ondoren, herriko kaleak girotzeaz arduratu dira Giro Arte dultzainero taldea eta Bonberenea txaranga. Kuadrillak kalejiran joan dira herrian barrena, eta ondoren, Emeterio Arrese parkean elkartu dira bazkaltzeko; bidean, tomateak eta piperrak jateko aukera izan dute.

Hona hemen arratsalderako egitaraua:

  • 17:00. DJ Andoni, Emeterio Arrese parkean.
  • 17:30. Zezentxoak, kultur etxeko plazan.
  • 19:30. Distopia elektrotxarangarekin kalejira.
  • 22:30. Zezensuzkoa, San Bartolome plazan.
  • 23:30. Muxutruk taldearekin dantzaldia, San Bartolome plazan.
  • 00:00. Akerbeltz eta Hor konpon kuadrillek piparra osasun etxetik Emeterio Arrese parkeraino eramango dute, eta ondoren, erre egingo dute.
  • 00:00-03:00. Testing programaren gunea Ai Laket! elkartearen eskutik. Substantzia ilegalen testa eta analisia egingo da, San Bartolome kaleko aparkalekuan.

Erlazionatuak

Izarne Sarasolari animoak, festa betean

Josu Artutxa Dorronsoro 2022 abu 27 Ibarra

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!