Irisgarritasunari begira landu dute aurrekontua

Irati Saizar Artola 2022ko mar. 29a, 11:59

Kreditu aldaketa egin berri dute Ibarrako Udalean, eta horrela, 7.000.000 euroko aurrekontua dute urteari aurre egiteko.

Ibarrako Udalak azaroko osoko bilkuran onartu zuen 2022rako udal aurrekontua, alderdi guztiek aho batez onartuta. Denera 5.100.000 eurorekin itxi zuten, eta orain, martxoan, kreditu aldaketa bat egin dute eta guztira 7.000.000 euroko aurrekontua dute urteari aurre egiteko.

Igor Zapirain Ibarrako alkateak esan duenez, pandemia iritsi zenean gizarte zerbitzuetara bideratzen zituzten partidak igo egin zituzten, eta aurten ere, "beste pixka bat" igo dituzte, "familia askoren egoera nolakoa den ikusi dugulako, eta etor daitezkeen arazoak kontuan hartu ditugulako".

Gainerakoan, proiektu ezberdinak lantzen ari dira, eta batzuk aurreko urteetatik datozenak dira. Esaterako, herriko argiteria publiko guztia LED sistemara aldatzearekin amaitu nahi dute aurten.

Ingurumenari dagokionez, obra nagusiena Belabietara doan bidea konpontzea izango da, eta bide batez, bertako ur bideak egokitzea. Iaz gauza bera egin zuten Uzturrera doan bidearekin. Lan horiekin batera, Belabietan dagoen herri bordaren aldamenean, zelai bat egokituko dute eta mahai bat jarriko dute bi bankurekin, atseden leku moduan: "Iaz, Gaztezulokoekin eta brigadarekin borda berreskuratu eta berritzeko auzolana egin zen, litera, parrilla eta mahai handi bat jarriz; eta aurten, bidea konpontzera hondeamakina igoko dela aprobetxatuz, zelai txiki bat sortuko dugu, uda aldera borda kanpoan lasai egoteko gune bat izateko".

Herri irisgarria helburu
Urtean zehar udala eta auzotarrak bildu, eta haien ekarpenak egiteko bilerak egiten dituzte, eta bilera horietan herriko gune batzuk identifikatu dituzte, zenbait lan egiteko. Irisgarritasunari begira, espaloiak egokitu eta konponduko dituzte herriko hainbat gunetan. Orain, Txumitxa eta Bizi Nahi elkarteko gunea egokitzen ari dira: espaloia berritu eta errepidea zabaltzen ari dira, "leku estua eta deserosoa" zelako, eta Zapirainek esan duenez, autobusak ere pasatzen direlako bertatik.

Horrez gain, Euskal Herria kaleko 16 zenbaki inguruan, espaloia berritu eta aparkatzeko plaza berriak jarriko dituzte. Eta kale bereko 1-17 zenbakietan, Gipuzkoako Uraken bidez, hoditeria aldatuko dute, "ur galera handiak daudelako". Obra horiek baliatuko dituzte Euskal Herria kaleko sarreran, herri sarreran, espaloia zabaldu eta "herri sarrera lasaiago bat eta herritarrentzako erosoagoa" izango dena lortzeko.

Arazo "potolo" bati irtenbidea emateko asmoz, Euskal Herria 1-17 atzealdean, lurrak egonkortu nahi dituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hainbat bilera egin ondoren, herri bide berri bat irekitzea pentsatu dute, "ahalik eta malda gutxiena izango duena eta adin guztietako herritarrek ibiltzeko aukera izango dutena". Beraz, lurrak egonkortu eta ur bideak egiteaz gain, banku eta zuhaitz batzuk landatuko dituzte, herrian "arnasgune bat gehiago" izateko.

Ondarea zainduz

Kreditu aldaketaren bidez, ondarea berreskuratzeko lanketan jarraitu nahi du udalak. 800.000 euro jaso dituzte berreskuratze lan horietarako. Iaz, Arane iturriko garbitokia berreskuratzeko lanak hasi zituzten, Aranzadi zientzia elkartearen eskutik, eta Zapirainek azaldu duenez, ura jartzea soilik falta zaie. Horrekin batera, herriko ondare moduan katalogatuta dagoen eraikin bat erosi nahi dutela kontatu du, eta momentuz, negoziaketetan ari dira. "Lehenik erosi egin nahiko genuke, eta etorkizun batean ikusiko dugu zein erabilera izango duten".

Bestalde, kreditu aldaketa baliatu dute baita ere Euskal Herria 18 edo Garagune goialdean dauden etxebizitzen hipoteka likidatzeko, "horrela, karga horretatik libre geratuko da udala". Horretarako, ia 1.000.000 euro bideratu dituzte. Izan ere, etxebizitza horiek herriko gazteak emantzipatzeko helburuarekin eraiki ziren: "Udalaren laguntzaz, alokairu merke batekin, bost urtez egoteko aukera ematen zaie gazteei".

Gaia luzatu bazaie ere, Azkue auzoko parkea aurten berritu nahi dutela esan du alkateak. Galdeketak egin zituzten lehenik Uzturpe ikastolan eta Gaztezulon, denen artean erabaki zezaten zer nolako parkea nahi zuten, eta horrela adostutako parke bat eraikiko dute urte honetan.

Eta urtean zehar beste hainbat proiektu txiki ere egingo dituztela aurreratu du alkateak, sortzen diren beharren araberakoak. Kilometroak ospatzen ari dira aurten herrian, urte osoko jaia baita, eta azpiegitura aldetik inbertsio batzuk egin behar izan dituztela esan du Zapirainek, "eta seguruenik egin beharko ditugu gehiago ere".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!